Arraitzaren eta Mugertzaren esanetan, maileguak lortzeko erraztasun handienak enpresa handiek dituzte, eta maileguak banketxe handietatik datoz, batik bat. Horregatik, Laboral Kutxak "apustu erabakigarri eta sendoa" egin nahi du enpresa txiki eta ertainei finantzaketa lortzen laguntzeko.
Horren harira eman dute 2.000 milioiko finantzaketa-lerroaren berri. Orain izeneko plana uztailean hasi zen eta dagoeneko bukatu da, 1.410 milioiko finantzazioa eman ondoren. Arduradunek esan dutenez, sei urtean lehenengo aldiz inbertsioetarako mailegu gehiago eman dira likidezia lortzeko baino.
Finantzaketa-lerro berri horrek modu azkar eta malguan funtzionatuko du: bost egunean erantzuteko konpromisoa hartzen du Laboral Kutxak, eta neurrira egindako soluzioak eskainiko ditu; produktuetan berrikuntza eskainiko du; nazioartera irteteko laguntza emango du; eta "gardentasuna" izango du ikur.
Euskal enpresak, baikor
Laboral Kutxak azaldu duenez, enpresen inbertsioa %10 eta %12 artean hazi da, eta kreditua lortzeko baldintzak hobetu egin dira. Gainera, aurreikuspen ekonomikoak onak dira. Hala ere, badaude "ziurgabetasuna" sorrarazten duten faktoreak ere: hala nola, ekonomiak motel jarraitzen du, oro har; enpresa txikiek garestiagoa dute finantzazioa lortzea; eta banku handien inbertsioa enpresa handietan kontzentratzen da. Edozein modutan, gaineratu duenez, euskal enpresak "baikor" dira, 56,4 Konfiantza Indizearekin (Espainian, 58,8 da indize hori orain, eta Eurogunean, 54,3).