Hiru puntuak Agorrosinen geratu dira Bergara eta Antzuolaren arteko derbian

Maite Txintxurreta 2015ko urr. 11a, 19:44
Etxekoak bigarren gola ospatzen

Lehen zatiko 30. minutuan etxekoen kapitainak bere atean sartutako golak antzuolarrak markagailuan aurretik jarri dituen arren, mahoneroek partiduari buelta eman diote, eta azkenean 3 eta 2koarekin bukatu da. Harmailak zalez bete dira gaurko norgehiagoka berezia ikusteko. Hirugarren mailako UDAk eta Ohorezko Erregionaleko Aloña Mendik ere partidua izan dute gaur, eta berdindu egin dute biek.

Ikusmira handia sortu du gaur arratsaldean -16:30- Agorrosinen jokatu den derbiak. Iaz maila galdu zuten Bergara eta Antzuolak berriro ere topo egin dute, oraingoan Erregional Preferente mailan, eta gaurkoan etxekoentzat izan dira hiru puntuak.

27. minutuan iritsi da etxekoen lehen abisu argia. Iosu Herranek lurretik zetorkion pasea errematatu du atezainaren aurrean, baina baloia hondoko marratik kanpora joan da. Hortik gutxira, baina, Antzuolarren erasoa etorri da, eta baloia bergararren arean zegoela, Julen Iñurrieta atzelariak nahi gabe bere atean sartu du gola, huts eta batekoa emanez kanpokoei.

Urdindunek zortzi minutu behar izan dituzte berdinketa lortzeko; Asier Alberdi gaztearen eskutik etorri da etxekoen lehen gola. Ondoren, lehen zatia bukatzear zela, 44. minutuan hain zuzen, Iñurrieta atzelari zentralak erdiraketa bat buruz bikain errematatu eta baloia aurkariaren sareetara bidali du. Horrela, lehenagoko huts-egitea konpentsatu du kapitainak.

Bigarren zatia

Justu atsedenaldiaren aurretik markagailuan aurretik jarri izanak indarra eman die bergararrei, eta bigarren zatia hasi eta berehala, lehen minutuan, aukera garbia izan du Aitor De Benitok. Antzuolako Santamarina atezainaren aurrean bakarrik zegoela, baloia gutxigatik kanpora joan zaio.

Geroago, 53. minutuan Bergarako Jontxu Linazisorok ate aurrean buruz errematatu du, baina atezainak geldiketa ona egin du. Hortik gutxira iritsi da Antzuolaren berdinketa, 55. minutuan. Aitor Alonsok urrunetik egindako jaurtiketa batean Mardaras atezaina goitik gainditu du eta ate barruan sartu du baloia. Gogoz ospatu dute gorridunek berdinketaren gola.

Partiduaren azken txanpan, baina, etxekoentzat garaipenaren gola izango zena iritsi da. Partidua aulkian hasi duen Iker Etxabarrik eskuin hegaletik etorri zaion erdiraketa ondo errematatu eta hirugarrena egin du bergararrentzat 84. minutuan. Talde guztia joan da berarengana ospatzera, eta harmailetan ere poza nabarmena izan da etxeko zaleengan.

Partiduan zehar talde bietako jokalarien artean zenbait tentsio-une bizi izan dira, eta epaileak hainbat txartel hori atera ditu, horietako asko kexatzearren edota denbora galtzearren. Hala ere, ez da aparteko istilurik izan.

Klasifikazioa

Gaurko porrotarekin, lau partidutan puntu bakarra eskuratu du Antzuola K.E-k, eta klasifikazio taulako jaitsiera postuetan dago, azkenaurreko posizioan, Usurbilen aurretik. Bergara, berriz, 5. postuan dago, atzetik duen Urkomendiren puntu berekin, zazpi hain justu ere. Datorren astean Ilintxa hartuko dute, berriro ere Agorrosinen. Antzuolak, berriz, Beasainen aurka jokatuko du Eztalako zelaian.

Gainontzeko taldeen emaitzak

Gaurkoa ez da izan jardunaldi honetan Erregional Preferente mailan jokatu den derbi bakarra Debagoienean. Atzo, Mojategin, Mondra eta Aretxabaleta B elkarrekin aurka aritu ziren, eta kasu honetan ere garaipena etxekoentzat izan zen.

Hirugarren mailan, UDA eta Deustoren arteko partiduan ez da golik izan gaur Ibarran. Ohorezko Erregionalean, berriz, Aloña Mendik bana berdindu du Azkoagainen Real Unionen kontra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak