Zale ugari bildu da gaur harmailetan Erregional Preferente mailako Mondra-Aretxabaleta B derbia ikusteko. Etxekoak lehen zatian markagailuan aurreratu diren arren, tentsiorik ez da falta izan gaur Mojategiko zelaian. Izan ere, talde biek partidu ona egin dute, nahiz eta azkenean aretxabaletarrek ez duten baloia sareetara bidaltzerik lortu.
Konfiantza aldetik ondo jarraitzeko, gaur irabaztea garrantzitsua zen Arrasateko taldearentzat; hala adierazi du Josu Zubia entrenatzaileak. Hala ere, nabarmendu du hobetu beharrak ere izan direla; izan ere, gol bakarreko abantailarekin "bizitza ematen zaio aurkariari", eta Aretxabaletak bere jokoa ondo burutu duenez, amaierara arte estu ibili da taldea: "partiduaren gaineko kontrol pixka bat gehiago falta izan zaigu". Aurreko partiduetan ere abantaila txikiarekin irabazi dutela aipatu du, baina esan du horretan lanean ari direla.
Derbi giroa
Elkarren aurka jokatu duten bi taldeetako jokalariak asko ezagutzen dira elkarren artean, eta derbi giroa nabarmena izan da. Hala ere, Josu Zubiak aipatu du berak ez diola horri aparteko garrantziarik ematen: "derbia izan ala ez, hiru puntuak eskuratu izana da inportanteena".
Zubiak Aretxabaleta zoriondu nahi izan du, " oso partidu ona" egin dutelako eta "azken momentura arte dudan izan gaituztelako".