Denon egunerokotasuna

Ubane Madera 2015ko urr. 9a, 08:00
Aretxabaletako etxebizitzako lau bizilagun, sukalde-egongelan.

"Aretxabaletan erabat integratuta daude. Etxea udalerri zentro-zentroan dago, eta adibidez, Belar Meta dendakoarekin oso harreman ona dute. Erosketatxoak hor egiten dituzte noizean behin batzuk. Tabernetakoarekin ere oso harreman ona dute, farmaziakoarekin…Hartu-eman asko dituzte herriko jendearekin. Beste herritar batzuk bezalakoak dira". Horietxek dira Atzegik (adimen urritasuna duten Gipuzkoako pertsonen elkartea) Aretxabaletan dituen bi etxebizitzetako  16 bizilagunen bizimoduaren zertzelada batzuk. 

Adibide gehiago ere eman ditu Eneritz Salsamendik, etxebizitza horien arduradunak: "Nahiz eta halako etxebizitza bat izan, eta beste batzuk ez ditugun laguntza behar batzuk izan, saiatzen dira eta gara, gizartean integratutako ekintzetan parte hartzen, ez bakarrik eurei zuzendutako gauzetan: kiroldegira joaten dira, batzuk zumbara doaz, pintura eskoletara ere bai…"

Adibide horien helburua da erakustea gehienok uste baino bizimodu arruntagoa eta ohikoagoa egiten dutela adimen urritasuna duten lagunek, eta askotan estereotipotan oinarritzen ditugula haien gaineko gure iritziak eta pentsamenduak. 

Tailerretan, Garagunen…

Aretxabaletan bizi direnekin tartetxo bat partekatzea besterik ez dago estereotipo horiek hankaz gora jartzeko. Ahal dutenak lanera joaten dira (zortzi gizonetatik bost eta zortzi emakumetatik lau, Gureak-ek Arrasaten duen tailerrera). Eta zailtasun handiagoak dituztenek ere ondo okupatuta izaten dute euren denbora, Garaguneko tailerretan, besteak beste. Hortik aparte, filiak eta fobiak, gustuak eta disgustuak… gainontzekoon parekoak izaten dituzte. 

Beheko inkestak horren adibide: 

Mertxe Monge, 56 urte, Arrasate

"Gehien-gehien siesta egitea dut gustuko. Eta baita puzzleak egitea ere. Puzzle bat dut nire gelan eta askotan ibiltzen naiz hura egiten. 13 urte daramatzat hemen bizitzen. Lanari dagokionez, berriz, Garaguneko zentrora joaten naiz (Arrasate) tailerrak-eta egitera. Gauza mordo bat egiten dut han! Baina batez ere, hara datorren jendeari laguntzen ibiltzen naiz, zailtasun handiagoak dituzten pertsonei laguntzen".

Antonia Mateo, 45 urte, Zumarraga

"Harreragile lanak egiten ditut gure etxean. Zazpi urte daramatzat hemen bizitzen eta lan handia egin behar izaten dut! Batez ere, telefonoa hartzea da nire zeregina: telefonoz deitzen dutenei ematen diet arreta, azalpenak…Bestalde, Garaguneko zentrora joaten naiz ni ere, eta han ere egiten dut lan. Idazkari laguntzaile bezala ibiltzen naiz han. Gutunak hartu-eraman… Han ere oso anpetuta ibiltzen naiz, bai".

Rosi Ibañez, 63 urte, Begoña

"Begoñara urtero joaten naiz egun batean, begira, lepotik dut zintzilikatuta hango Ama Birjina! Eta Athletic-ekoa naiz. Bestalde, Eroski hipermerkatuan dagoen bidezko merkataritza saltokira joaten naiz Kristinari laguntzera. Lepokoak, belarritakoak… gauza asko daude han saltzeko, baina batzuetan ez da jende larregi etortzen. Eta egubakoitzetan azoka txikira joaten naiz Anari saltzen laguntzera".

Erreportaje osoa irakurgai dago gaurko (egubakoitza) Goiena paperean.

 

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak