AP-1 errepideko obrari buruzko Ikerketa Batzorde publikoa irekitzea eskatu dute EH Bilduk eta Podemos Ahal Duguk

Eneko Azkarate 2015ko urr. 8a, 13:03
Xabier Olano eta Juantxo Iturria gaur Batzar Nagusietan.

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Podemos Ahal Dugu eta EH Bildu taldeek ekimen bat aurkeztu dute elkarrekin gaur: Bidegi auziari buruzko Ikerketa Batzorde publiko berria irekitzeko eskaera. Hain justu ere, "AP-1en proiektu osoa aztertzeko". Honen aurrean, EAJk adierazi du EH Bilduk aurreko agintaldiko "setakerian jarraitzea" erabaki duela, "Ahal Duguren eskutik eta bide okerrari eutsiz".

EH Bildu eta Podemos Ahal Dugu taldeko bozeramaile Xabier Olanok eta Juantxo Iturriak, eskaera sinatu eta elkarrekin erregistratu dute Batzar Nagusietan.

Ekimena bultzatu duten bi indar politikoek adierazi dutenez, batzorde honen helburua da "AP-1en obretan izandako ustezko irregulartasunak argitzea", Azpeitiko auzitegiak "aintzat hartu baititu" Aldundiak jarritako bi salaketa. "Gardentasunez eta arduraz, Batzar Nagusietan argitu nahi dugu gauzak nola egin diren obra honetan" adierazi dute.

"Zehaztasun guztiak"

Aurreko Legealdian izandako Ikerketa Batzordearen ondorioen arabera, "obra osoari buruzko azterketa sakona" egitea komeni da. Horregatik, "zehaztasun guztiak" jakin nahi dituztela diote.

Honako hiru gai hauek argitzea eskatzen dute:

  • Egindako obraren benetako kostua eta nola ordaindu diren argitu.
  • Ordainketak eta lanak justifikatzen dituzten dokumentuak egiaztatu.
  • Ustezko irregulartasunetan egon daitezkeen ardura politikoak argitu.

"Une egokia" gaia aztertzeko

Olanok eta Iturriak adierazi dutenez, aurreko legealdian, Batzar Nagusietako "talde guztiek" —Podemos Ahal Dugu ez zegoen bertan— adierazi zuten beste ikerketa batzorde bat irekitzearen alde zeudela, "hauteskundeetatik kanpo, lasaitasunez" gaia aztertzeko. "Uste dugu momentu aproposa dela Plenoak gai hau onartzeko".

Podemos Ahal Duguk eta EH Bilduk aurkeztu duten proposamena izan arren, PPk ere alde bozkatzea eta Gobernua sostengatzen duten alderdietatik, hau da, PSE-EEtik eta EAJtik, ere aldeko bozka espero dutela adierazi dute. Izan ere, diote, Foru Gobernuak "behin eta berriro esan du gobernantza berria, gardentasuna eta parte hartzea sustatu nahi dituela, beraz, ulertezina litzateke kontra bozkatzea".

EAJ: "Jokaldi politikoa besterik ez"

EH Bilduren eta Podemos Ahal Duguren proposamen honen aurrean, Gipuzkoako Batzar Nagusietako talde jeltzaleak esan du aurreko Foru Gobernuak Batzar Nagusietan bultzatu zuen ikerketa batzordea "jokaldi politiko bat besterik" ez zela izan. "Jokaldi maltzurra eta interesatua". Eta hauteskundeak zetozela-eta "Eusko Alderdi Jeltzalearen aurka egiteko aprobetxatu" zuela EH Bilduk.

"Ez dago ezer"

"Esan genuen, zerbaiten zantzurik edo daturik agertuz gero, gu izango ginela ikerketa abian jarriko genuen lehendabizikoak. Baina, oraingoz, ez dugu horrelakorik aurkitu. Ez dago ezer eta harrituko ginateke zerbait egongo balitz" diote jeltzaleek.

Dena den, diote, Diputazioak barne txosten bat agindu duela eta teknikariak gai hau "sakon aztertzen" ari direla. Eta, hortik harago, "Bilduren Aldundiak aurkeztutako kereilen gaineko instrukzioa" egiten ari dela epaitegia.

"Modu maltzurrean"

"Momentu honetan mahai gainean dagoen gauza bakarra, Larraitz Ugartek, modu maltzurrean eta legearen kontra, esleitutako txostenak dira. Ikerketaren txostena egiteak zuen kostua Herri Administrazioak zuzenean emateko onartzen duen kopurua gainditzen zuenez, zatika adjudikatu zuen Larraitz Ugartek. Txostena egitearen ardura berak nahi zuen enpresan egon zedin" dio EAJk.

Bestalde, azpimarratu du, gaur arte "beste inolako datu edo zantzurik" ez dutela aurkitu eta, horregatik, ez dutela aurrekoa bezalako beste "ikerketa" batzorderik eratzeko "inolako beharrik" ikusten. "Are gutxiago Foru hauteskunde aurretik Bilduk eta PPk erdietsi zuten ikerketa batzordearen jitea ezagutu ondoren".

"Ahal Duguren eskutik setakerian jarraitu"

Eta honela amaitu du EAJk: "Ezker Abertzalearen hauteskunde aurreko estrategia EAJren aurka eraso bizian jardutea izan zen. Hauteskundeek agerian utzi zuten estrategia okerra izan zela hura. Dirudienez, Ahal Duguren eskutik setakerian jarraitzea erabaki dute, bide okerrari eutsiz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak