Euskara maila hobetu gura dutenak edo euren inguruan euskaraz berba egiteko aukerarik ez dutenak euskaraz berba egiten dutenenekin elkartu eta berba egitea errazten duen proiektua da mintzapraktika.
Horren helburua da bizitzako arlo guztietan euskararen erabilera sustatzea. "Hizkuntza ohituretan eragitea, eta hiztun berriari, euskaraz berba egiteko zailtasunak dituenari… bidea erraztea eta euskal hiztun bilakatzea", diote koordinatzaileek.
Era berean, laguntzaileek, hau da, euskaldun osoek, euren denbora, laguntasuna eta motibazioa eskainita momentu atseginak pasatzen dituztela gaineratu dute. Aurtengo leloarekin, Zurekin hitz egin nahi dut, gura dute mintzalagun egitasmoetara erakartzea herritarrak eta parte hartzera animatzea: "Praktikatu behar dutenei laguntzeko".
Mintzapraktika taldeak
Berba taldea lau edo bost lagunek osatzen dute. Eta baldintza bakarra dago: astean ordubetez elkartu eta euskara praktikatu. Hori egin daiteke paseatzen dabiltzala, kafea hartu bitartean, kirola egiterakoan… Horretarako euskaraz komunikatzeko gutxieneko maila izatea komeni da. "Azken urteotako inkestek frogatu eta azpimarratu dute tresna interesgarria eta eragingarria dela euskaraz funtzionatzen duten harreman sareak eta ohiturak sortzeko", jakinarazi dute koordinatzaileek.
Bi motatako jarduerak antolatzen dituzte mintzapraktika programan: astean behineko taldeak eta hilabetean behineko saio osagarriak: ikasturte hasierako afaria, meriendak, irteerak, ikastarotxoak, Mintza Eguna… "Animatu! Lagun giroan astean ordubete atsegina pasatzeko beste modu bat duzue-eta!", diote.
Partaide izan gura dutenek edo argibide gehiago gura dutenek jo dezatela antolatzaileengana. Hona:
Arrasaten, AED elkartea: 943-77 12 28
Bergaran, Jardun elkartea: 943-76 36 61
Aretxabaletan, Loramendi elkartea: 943-77 09 70
Eskoriatzan, udaletxea: 943-71 46 88
Elgetan, udaletxea (edo Topagunea): 943-76 80 22
Oñatin ere badaude taldeak eta Elgetan lehenengoz sortu gura dituzte.