Debagoienera ere iritsiko da Adin adin programa

Monika Belastegi Aranzabal 2015ko urr. 3a, 09:33
Ander Zapiain, Maite Peña, Marta Agirrezabala eta Sebastian Lizaso atzo aurkezpenean.

Adinekoendako espreski antolatutako hamaika bertso-emanaldi jasotzen dituen programa da, beste horrenbeste egoitzatan. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lanku bertso zerbitzuak elkarteak elkarlanean egindako proiektua da eta saioetako bi bailaran egingo dira, Arrasateko eta Bergarako zaharren egoitzean, hain zuzen ere.

Programa aurkezteko egindako agerraldian Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak ekimenaren garrantzia azpimarratu zuen atzo: “Adinekoak ahalik eta ondoen egotea lortzeko hainbat ekimen bideratzen ditugu, eta oraingoan ahalegin hori, bertsoaren eskutik egingo dugu”, esan zuen.

Peña diputatua, Ander Zapiain  Mendekotasun arreta zerbitzuko zuzendariarekin, Lanku bertso zerbitzuak-eko Marta Agirrezabalarekin, eta Sebastian Lizaso bertsolariarekin batera egon zen aurkezpenean. Bertan, bertsoak adineko pertsonengan duen eragin positiboa azpimarratu zuen: ”Bertsoa da, haietako askorentzat, euskal kulturako erreferente bakarra. Kasu honetan bitarteko bihurtzen da adineko pertsonek euren memoria landu dezaten”.  Haietako asko bertsoen bidez hunkitzen direla aitortu zuen Peña diputatuak: “Euren bizipenak,oroitzapenak,gogoratzen dituzte eta zaila da motibazio hori beste modu batera lortzea. Emozioetara iristen den tresna da bertsoa”. Ildo horretan, adineko pertsonen bizi kalitatea hobetzeko konpromisoa berretsi zuen diputatuak, ikuspegi “integral” batekin.

Ander Zapiain Mendekotasun arreta zerbitzuko zuzendariak, berriz, proiektuak teknikoki dituen abantailak azpimarratu zituen: “Parte-hartzea bultzatzen du, euren arteko harremanak hobetzen ditu, eta bertsoen atzean dagoen umore puntu horrek depresioari aurre hobeto egiten laguntzen du, besteak beste”, esan zuen. Haren esanetan, iazko esperientzia emankorra eta arrakastatsua izan zen. Hori dela eta, aurten saio gehiago eskainiko dira.

Debagoienean bi saio

Guztira hamaika saio izango dira, Gipuzkoako egoitza ezberdinetan, urria eta azaroa bitartean.egingo direnak. Bertsoa ardatz, adineko pertsonen gaitasuna sustatzea, adinekoen bizi kalitatea hobetzea, eta gaitasun psikoemozionalak lantzea aipatu zituzten helburu gisa Lanku bertso zerbitzuetako arduradunek. Bertsoaren izaera “terapeutikoa” ere nabarmendu zuten.

Bertso saio bakoitzera bi bertsolari joango dira, gazteagoa bata eta helduagoa bestea. Dagokion egoitzako bailarakoak bertakoak izaten ahalegintzen dira, bertsotan ere eskualdeko kontuak ateratzeko, adinekoei ezagunak egiten zaizkienak. 

Debagoienari dagokionez bi saio egingo dira eta biak urrian: Bergarako Mizpirualde egoitzan urriaren 15ean, 17:00etan; eta Arrasateko Iturbide egoitzan (data zehazteko dago). Bietan ala bietan Maider Arregi eta Joxe Luis Gorrotxategi bertsolariak egongo dira.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak