"Gipuzkoa indartu eta martxan jartzeko proposamena" aurkeztu du Foru Gobernuak

Eneko Azkarate 2015ko urr. 1a, 15:51

Gipuzkoako Foru Aldundiak Kudeaketa Plan Estrategikoa aurkeztu die Lurraldeko sare ekonomiko, sozial eta instituzionaleko 250 eragile ingururi. Tabakaleran egin dute aurkezpen ekitaldia eta foru diputatu guztiek hartu dute parte, Markel Olano ahaldun nagusia buru.

Esparru sozial, ekonomiko, kirol arloko, kultur eta instituzionaleko entitateetako 250 ordezkari inguruk parte hartu dute Foru Aldundiak Tabakaleran Kudeaketa Plan Estrategikoa aurkeztu eta gizarteratzeko antolatutako ekitaldian.

Foru Gobernu berriaren jarduna oinarrituko duen bide orri estrategikoa da Plana, eta Lurraldearen "eraldaketa ekonomiko eta soziala" gauzatzeko proiektu eta egitasmo nagusiak finkatzen ditu, Diputaziotik adierazi dutenez: "Gipuzkoa indartu eta martxan jartzeko egiten dugun proposamena da, denon artean aurrera eramango duguna", azpimarratu du Markel Olano diputatu nagusiak, enpresa, elkarte, erakunde eta hirugarren sektoreko kolektiboen aurrean egindako hitzaldian.

Plana ezagutarazi eta kontrastatzeko aurreikusitako ekintzetako bat izan da gaurko ekitaldia. Izan ere, "dokumentu bizia eta ekarpen berriei irekitakoa" da, eta bere garapenean "etengabe aberastu eta landuko da herritarrekin, eragile ekonomiko eta sozialekin, eta beste administrazio eta alderdi politikoekin".

Planaren jarraipena hiru hilean behin

Hala, hiru hilean behin Planaren betetze mailaren berri emango dela adierazi dute, Guztion Gipuzkoa publikazioaren bitartez. Herritarren ideia eta proposamen berriak jaso eta txertatzeko ere balioko du.
Gipuzkoako elkarte edo erakundeak eta enpresa ehuneko ordezkariek ere izango dute parte hartzeko aukera, Gipuzkoa taldean "deliberazio publikorako" izeneko programaren bitartez, eta prospektiba konpartituaren partaide izango dira Gipuzkoa eraikiz ekimenaren bidez.

Halaber, Aldundiak koordinazioa bultzatuko du beste administrazioekin: Eusko Jaurlaritza, Espainiar Gobernua, Europakoak, eta batik bat udalekin. Azken honekin elkarlanerako organo berezia sortuko dela esan dute. Horren adierazle, Gipuzkoako udalerri desberdinetako 20 alkate izan dira gaurko aurkezpenean. "Aldundiak eta Gipuzkoak duen kapital humano eta sozialarekin elkarlanean osatutako proiektua da hau, eta proiektuaren garapenak ere, arrakastatsua izango baldin bada, partekatua izan beharko du", iragarri du Olanok.

Lehen 100 egunetan

Diputatu nagusiak lorpen garrantzitsutzat jo du Plana gobernuaren lehen 100 egunetan onartu izana. Gipuzkoan denbora berri bati ekiteko aukera ona ikusten du. "Politika berri baten aldeko gehiengo sendoa dago, bai edukietan eta baita formetan ere. Koiuntura ekonomiko positiboa eransten badiogu, badaukagu modua fragmentazio sozial eta politikoak, inprobisazioak, eta herritarren erakundeekiko konfiantzarik ezak markatutako aroa gainditzeko. Hauxe da, denon artean, Gipuzkoa indartu eta martxan jartzeko egiten dugun proposamena".

Balioen kultura

Denis Itxaso Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroletako diputatuak, berriz, etorkizun hobe bat eraikitzeko eta eraldaketa ekonomikoa eta soziala errazteko abiapuntutzat jo du Plana: "Ongizate handiagoa, enplegu gehiago, eta babes soziala bermatuko duten zerbitzuak edukiko dituen etorkizuna egin nahi dugu. Gehiengoari zuzendutako aldaketa dugu helburu, gazteei itxaropena eskainiko diena, emakumeen berdintasuna bermatuko duena, eta Gipuzkoan elkarbizitzarako oinarriak jarriko dituena. Balioen kultura bultzatu nahi dugu, kudeaketa eta herritarrekin erlazionatzeko eredua eraberrituko dituena: berdintasunekin, apaltasunetik, eta beraien tokian jarri eta beraien arazoei erantzuteko gaitasunetik".

Gogorarazi duenez, proiektu nagusiak "luzaroegi" egon dira geldirik Gipuzkoan, eztabaidaren gurpiletik atera ezinik: "Hau, ordea, akordioan oinarritutako aldaketa da, egoera hori gainditu eta herritarren benetako beharrak aintzatu hartzeko".

Gipuzkoako enpresak hobetzeko 50 milioi euro

Susperraldi ekonomikoak ere protagonismo handia edukiko du Planaren barruan. Hala nabarmendu du Sustapen Ekonomiko, Landa Eremu eta Lurralde Orekako diputatu Ainhoa Aizpuruk. "Borondate guztia dugu gipuzkoar enpresei hobetzen eta produktu berriak sortzen laguntzeko, eta beraien nazioarteratzea eta mundu mailako merkatuetan lehiakortasuna bultzatzeko. Industria eta ekonomiako beste sektoreak ere etorkizuneko erronken aurrean lagundu eta babestea da gure konpromisoa".

Horretarako, 50 milioi euro inbertituko dira urtero gutxienez, Ekonomia Suspertzeko Planaren barruan, "Gipuzkoako enpresa eta ekonomiari lotutako hainbat lan ildoren artean banatuko direnak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak