Chamlang mendiaren ipar aurpegia igotzea da Iñurrategiren espedizioaren erronka berria

Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza oinarrizko kanpalekura bidean. | www.walkonproject.org

Alberto Iñurrategik, Juango Vallejok eta Mikel Zabalzak dagoeneko eman dute eskuartean duten proiektua (WOPeak) gauzatzeko lehenengo pausoa, atzo, martitzena, iritsi direlako Chamlang (Himalaya, Nepal, 7.319 metro) mendiaren oinarrizko kanpalekura.

Dagoeneko WOP espedizioaren zazpigarren proiektua da hau, eta argi dute eginbeharrekoa: askorendako ezezaguna den mendi hori ipar aurpegitik eskalatzea.

Paraje ezezagunetan barrena 

Esperientzia handiko mendizale hauendako ia dena izan da berria paraje berri horretan, eta astebete behar izan dute oinarrizko kanpalekura iristeko. Ezohikoa bada ere, harkaitzean beharrean belar gainean finkatu dute kanpaleku hori: "Katmandutik hona ezagutzen ez genuen bide batetik etorri gara. Lehenengo egunak gogorrak izan ziren, euri asko egin zuelako eta behe-lainoaren eraginez itsu-itsuan etorri garelako", azaldu du Aretxabaletakoak.  

Hainbat egunetako trekking-aren ostean 4.600 metroko mendilepoa gainditu behar izan dute, eta 5.400 metroko beste tontor bat. Garaierara egokitzen joateko baliatu dituzte saio horiek: Ondo gainditu ditugu, baina hasiera zakarra izan dugu". Hala, bidearen erdi ingurutik aurrera inguru menditsuagoaz egin dute topo: "Azken egunean ere behe-laino oso itxia izan dugu, ezer ez genuen ikusten, baina egunak aurrera egin ahala zerua ireki egin da, eta harrituta geratu gara bertako paisaiaz, ikusgarria da". Egun hauek mendia zelan eskalatu aztertzeko baliatuko dituzte.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.