Kataluniako hauteskundeei begirada, eskualdetik

Ubane Madera 2015ko ira. 25a, 16:04
Naroa Elortza eta Josemari Velez de Mendizabal.

Batzuk baietz, beste askok ezetz, ez dagoela batere paralelismorik.  Edozein dela pentsamendua ere, asteotan debagoiendar ugari Katalunian gertatzen dabilenari, domekan gertatuko denari eta  ostean gertatu ahal denari begira dabiltza. Jakin-min orokorrak eraginda asko, baina beste askok bat egiten dutelako kataluniarren sentimenduekin. Edozein modutan, Euskal Herrian, epe laburrean gutxi eragingo duela uste dute gehienek. Josemari Velez de Mendizabal idazlearen eta Naroa Elortza sindikalistaren analisiak segidan. 

 

Josemari Velez de Mendizabal: "Haiengandik asko ikasi beharko genuke, baina ez dakit prest ote gauden ikasteko"

1. Zelan eragin lezake Kataluniako prozesuak Euskal Herrian? Eta emaitzak?

"Nahiko eszeptikoa naiz. Izan dezake bere eragina, baina epe laburrean ez. Kataluniak ikasgai bat eman digu. Mekanismo politikoak erabili ditu eta bertako klase politikoa egituratuago dago, baita erakundeak ere. Eta egundoko indarra erakutsi du gizarte zibilak. Katalunian hitzez bakarrik ez, baizik eta egitez ere mintzatu da. Gurean idazki edo diskurtso mamitsuak eta eraginkorrak egin beharrean, esloganekin gabiltza. Eta esloganekin ezin daiteke ezer egin. Hemen erakundeak ez daude batere egituratuta. Eta bestalde, hemen mintzatzen bagara Euskal Herriaz, auskalo zer ulertzen den. Katalunia esaten duzu, eta denok dakigu zer den; Franco garaian ere bagenekien zer zen. Eta lehen hau zen Baskongadak, gero Euskadi, Euskal Herria…  Orain Euskal Herria ez dakigu zer den… Irizpide eta diskurtso desberdinak ditugu, erabat".

2. Ikusten duzu paralelismorik hango prozesuaren eta hemengoaren artean? Eta aukerarik hemen, han landu duten bide bera lantzeko?

Ez dut paralelismorik ikusten, zoritxarrez. Ez dut uste kataluniarrek erakutsi dutenik erabateko batasunik. Baina bai erakutsi dute elkartasunean motorrak piztu dituztela. Ni batasunen kontrakoa naiz, eta elkartasunen aldekoa. Eurek motorrak piztu dituzte eta gu oraindik formula asmatzen gabiltza, eta ez dakit gai izango garen. Bestalde, bada atentzioa ematen didan gauza bitxi bat: hemen esaten dugu euskarak egiten gaituela euskaldun. Eta ez da kataluniarren kasua. Hau da, pentsatzen genuen katalanismoa egituratzen zela hizkuntzaren inguruan, eta ez da egia. Izan ere, han kataluniar sentitzen ez direnek ere berba egiten dute katalanez. Hemen ez dugu erakutsi euskarak egiten gaituela euskaldun. Daramakigu 40 urte hori esaten, eta ez dugu erakutsi; seguru aski, askatasun kulturalera ez garelako iritsi. Ni ez naiz bizi askatasun kultural euskaldunean. Hor ere herren gaude. Beraz, haiengandik asko ikasi beharko genuke, baina ez dakit prest ote gauden ikasteko. Lehen Franco aipatu dut, eta esaten da Francok beldur handiagoa ziela katalanei euskaldunei baino. Esaten omen zuen: "Utz itzazue euskaldunak, euren artean zatituko dira-eta". Atzera begiratua eginez gero, beti egon dira antzerako banderizoak; lehen, orain eta beti.".

3. Kataluniari dagokionez, zein da zure kiniela? Emaitza aldekoa bada, zer gertatu beharko litzateke? Eta kontrakoa bada?

"Ez dakit emaitza zein izango den, ez dakit Espainiarekin eten egingo duten; baina burua goian eta berrindartuta aterako dira. Ez dut zalantzarik. Eta, seguru aski, diru gehiagorekin. Hauek jarraituko dute izaten aberatsak, eta eraginkorrak negozioetan… Garbi dago Kataluniako independentziaren aldekoak garaile atera direla eta ateratzen ari direla. Erakutsi didate gauzak garbi dituztela, nahiz eta hautetsontzietan galdu. Ikasgai handia eman diote munduari, modu baketsuan eta aukerazko mekanismoak emanez".

 

 

Naroa Elortza: "Independentzia bezain garrantzitsua, estatu ereduari buruz hitz egitea gakoa da" 

1. Zelan eragin lezake Kataluniako prozesuak Euskal Herrian? Eta emaitzak?

"Bi mailatan bereiziko nuke Kataluniako prozesuak gure herriarengan izan dezakeen eragina. Alde batetik, sinbolikoa, sentimenduekin erlazionatutakoa. Bestetik, politikoa. Uste dut bereziki lehenari eragingo diola, jendartearengan ilusioa piztuko duela. Eta, beharbada, hori da eraginkorrena. Uste dut Katalunian gertatu bezala jendartearen mobilizazioak mugiaraziko dituela alderdi politikoak, independentziarekiko gero eta urrunago dauden alderdiak, bereziki. Akaso, independentzia aldarrikatzera bultzatuko gaitu! [Kar, kar, kar] Edozein modutan, etziko emaitza dena delakoa izanda ere, uste dut erabakitzeko pausoa ematea bera dela garrantzitsuena. Baimenari itxaron gabe, hori egiteko eskubidea hartzea.

2. Ikusten duzu paralelismorik hango prozesuaren eta hemengoaren artean? Eta aukerarik hemen, han landu duten bide bera lantzeko?

"Mobilizatzeko gaitasunean ikusten dut, akaso, diferentzia handiena. Autoeratutako mugimendu sozialaren ondorio da egungo Kataluniako egoera. Geurean ilusio eta indar hori berreskuratzeko beharra ikusten dut, "posible da" ozen esateko beharra. Bestalde, hemen bide bera lantzeko aukerari buruz alderdi politikoei begira gelditzen bagara, zaila da. Gehienak ez daude eskema horietan sartzeko prest, egungo testuinguru eta egoeran eroso daudela dirudi. Jendarteari dagokio alderdiak mugiaraztea".

3. Kataluniari dagokionez, zein da zure kiniela? Emaitza aldekoa bada, zer gertatu beharko litzateke? Eta kontrakoa bada?

"Independentziaren aldeko aldarria izango dela uste dut, juxtu-juxtu akaso, baina baiezkoa. Beldurraren estrategiak ezezko botoak ekarriko dituela uste dut. Eta emaitza aldekoa bada, herriaren hitzari kasu egitea espero dut. Ausardia eta indarra beharko da kate estua eteteko, baina, herriak hala eskatzen badu, aurrera egin beharko lukete. Eta emaitza ez bada independentisten aldekoa, Estatuarekin estatus berriari buruzko negoziazioa hastea –hauteskundeen ondoren– espero dut. Bukatzeko, nahiko nuke esan independentzia bezain garrantzitsua, estatu ereduari buruz hitz egitea gakoa dela. Sarri, erabakitze eskubideari buruz hitz egiten dugu, baina erabakitze eskubidea zerekiko? Erabaki behar dugu ze egitura ekonomiko nahi dugun, zelako gizartea nahi dugun. Egungo sistema neoliberalarekin jarraitu nahi dugu? Ala beste zerbait eraiki nahi dugu?".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak