Ana Calvo: "Eroskik Debagoienean 2,5 milioi euro inbertitu ditu eraldaketatan"

Ubane Madera 2015ko ira. 25a, 12:00

Ana Calvo, Arrasateko hipermerkatuko gerentea, frutategi aurrean.

Arrasateko Eroski hipermerkatuan leku deigarria hartu dute bertako produktuek. Horixe da ikasturte berrian antzematen den aldaketetako bat. Beste bat da, adibidez, hamahiru lanpostu sortu dituztela. Hipermerkatuko gerente Ana Calvok esan duenez, ohituren garapena kontuan hartu eta eraldaketa gauzatu dute Arrasateko saltokian. 1,7 milioi euro inbertitu dute obrak egiten.

Zelan aldatu dira urteotan kontsumo ohiturak?

Aldaketa handia egon da 25 urtetik hona; iaz ospatu genituen Arrasateko Eroskiren 25 urteak. Orain inauguratu dugun hipermerkatu honetan irudikatzen dira. Batez ere, plaza itxura eman nahi izan diogu, produktu freskoak nabarmentzen, eta, bereziki, Euskal Herriko produktuak: frutategian, harategian, Eusko Labeldunak… Ikusi dugu, baita ere, norberaren zaintzak –barrukoak zein kanpokoak– geroago eta garrantzi handiagoa hartu duela, bereziki, produktu osasungarriekin lotuta; horregatik sortu dugu guk ere produktu ekologikoen eta dietetikoen gunea. Eta ikusi dugu, baita ere, handitu egin dela, adibidez, alergia, intolerantzia… kopurua. Eta horiei zuzendutako eskaintza ere handitu egin dugu.

Era berean, baina, nazioarteko produktu asko ere ikusten dira…

Bai; produktu tradizionalekiko lotura handitzeaz batera, gure bezeroek eskatzen zituzten produktu bereziak. Eta hori eta elikadura osasuntsua aintzat hartuta, Eroskin, adibidez, sushia eskaintzen duen gunea sortu dugu. Egunean bertan prestatzen den sushia izaten da. Eta txokolate, kafe, te, infusio, pasta, olio… guneetan ere berrikuntzak egin ditugu, jendearen kontsumo joera berrien arabera, oso modan daudelako halakoak ere. Gauza bera edari-gunean: kasu horretan, adibidez, oso modan daude nazioarteko garagardoak, eta, horrekin batera, ardo eskaintza zabal-zabala duen bodega ere egokitu dugu.

Eta prezioak zelan eraldatu dira?

Elikadura negozioa deflazioan dago. Oraingo prezioak orain dela bi urtekoak baino merkeagoak dira. Hori asko igartzen da oinarrizko produktuetan: frutategian, harategian… Guk, familiaren ekonomia beharrak kontuan hartuta, iaz Eroski Klub txartela atera genuen, gure bezeroei laguntzeko. Modu horretan, oinarrizko erosketa merkeago atera dakion. Jakina, eskaintza bereziak, BEZik bako egunak… egiten ditugu.

Eroskiri dagokionez, eta taldearen dimentsioari begiratuta, zenbat bazkide ditu –kontsumitzaileak–?

2.300.000. Iaz 2.100.000 bazkide genituen; orain 2.300.000 ditugu. Oso garapen azkarra izan du txartel horrek Euskadin: azaro hasieran atera genuen eta astebetean 1.000.000 bazkide egin ziren eta bi hilabetean 2.100.000 bazkide.

Eta langileak?

8.000 lan-bazkide ditu Eroski S. Coop-ek.

Datu gehiago: ze inbertsio egin duzue Arrasateko hipermerkatua berritzen?

1,7 milioi euro.

Lanpostu berririk sortu duzue?

Hamahiru lanpostu. Hemen 145 langilek dihardugu, eta ahalegin handia egin dugu, baita ere, bezeroari arreta eta zerbitzu hobea emateko formazio ordu kopurua handitzen: 560 ordu. Baina Eroskiren ideia da 2014-2016an Eroskiren sare komertzial osoa eraldatzea. Hala, Debagoienari dagokionez, eraldatu dira hiru supermerkatu eta hipermerkatu bat. Eta, guztira, izan dira 2,5 milioi euro, 22 lanpostu berri eta 2.000 formazio ordu. Hori, kontuan hartu barik hipermerkatuaren eraldaketak berak ekarri duen kanpo-lana, obra zibil handia egin dugu eta.

Merkataritzan, gero eta marka berri gehiago dabiltza sartzen merkatuan. Adibidez, oso sonatua den Mercadona Eibarren zabaltzekotan dela-eta, zenbateraino kezkatzen dute halakoek Eroski moduko talde bat?

Ohituta gaude beste lehiakide batzuekin lan egiten, hemen eta hemendik kanpo Mercadonaren kasuan, Nafarroan, Errioxan… haiekin lehiatzen gara. Beti da osasungarria lehiakideak izatea. Gu lasai gaude. Gure negozioa sendoa da, eta, egiten ditugun eraldaketei esker, sendotasunari eutsi egiten diogu.

Hipermerkatura bueltatuta, egokitu duzuen ikasgela-gunean Maritxutarako lore-ikastaroa antolatu duzuela ikusi dut. Halakoetarako erabiliko duzue?

Eroski zurekin da gure leloa. Eta, zentzu horretan, adibidez, bezeroen interesak kontuan hartuta, handitu egin dugu saltokian bertan ere bezeroei aholkularitza, informazioa… eskaintzeko mostradoreak. Bada, bezero den irakasle batek esan zigun ea posible zen gazteei zuzendutako tailer bat egitea Maritxutarako. Kontuan hartuta Maritxu jaia Arrasaterako oso esanguratsua dela, erabaki genuen tailerra antolatzea makillaje teknikak-eta erakusteko, orain loreena dago… Baina erabili dugu, baita ere, gure bezeroei erakusteko osasunarekin lotuta ditugun produktu berriak. Adibidez, teak, infusioak… Nafarroan lantzen dituen eta, gainera, langabeekin lanean diharduen Nafarroako ekoizle baten produktuak erakutsi genituen… Bertako produktu osasungarriak eta interesgarriak izan daitezkeenak ezagutzera emateko erabiliko dugu, adibidez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak