Gaur inauguratuko dute Bergarako Laboratorium museoa

Julen Iriondo 2015ko ira. 25a, 06:31
Errekalde Jauregian kokatuta dago Laboratorium museoa.

Ekitaldiak Udaleko, Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko eta zientzia eta hezkuntza alorretako hainbat aditu bilduko ditu. 19:30ean izango da irekiera ofiziala.

"Berrikuntza norbanakoaren berezko gaitasuna bada ere, zientzia eta hezkuntzarekin uztartuz gero, gizartea garatzeko funtsezko tresna bilakatzen da. Eta azkeneko 250 urteetan, zientzia modernoaren garaian, hain zuzen, agerian geratu da. Horixe da, ostiraletik aurrera Laboratorium museoa bisitatzen duen edonork barneratuko duen mezua, museoko erakusketa iraunkorrak azkeneko 250 urteetan zientziari eta hezkuntzari esker emandako aldaketak jasotzen baititu"; Bergarako museoan topatu ahal izango denaren gaineko azalpen honekin hasten da Udalak gaurko ekitaldiaren berri emateko plazaratutako oharra.

Ekitaldian izango direnak

Irekiera-ekitaldia egingo da arratsaldeko 19:30ean Errekalde jauregian. Bertan izango dira, besteak beste: Imanol Agote, Eusko Jaurlaritzako Ondare zuzendaria; Markel Olano, Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusia; eta Juan Jesus Alberdi, Bergarako alkatea.

Zientzia eta hezkuntza arloetako adituak ere ez dira faltako. Herriko eta eskualdeko eragileak ere deituta daude ekitaldira. Bertan izango direla baieztatu dutenen artean daude Jose Maria Mato, CIC Bioguneko zuzendaria, Juan Ignacio Perez Iglesias, EHUko Katedra Zientifikoko zuzendaria, Amaia Zurutuza, Grapheneako zuzendari zientifikoa, edota Arantza Aldezabal, EHUko Landareen Biologia eta Ekologia saileko ikerlari eta irakaslea.

Ekitaldirako Udalak karpa bat prestatu du eta bertan egingo dira ekitaldirako antolatutako ekintza guztiak. Horrela, museoak zientziaren hedapenean duen garrantzia nabarmentzen duen bideo bat ikusi ahal izango da eta, ordezkari politikoen hitzen ostean, Mozkorra parregarri operaren zati bat antzeztuko da, Bergara eta museoaren arteko loturaren isla.

Erakusketa iraunkorra, nabarmentzekoa

Laboratorium museoko erakusketa iraunkorrean Errege Seminarioaren historia eta garai hartako bilduma zientifikoa osatzen duten pieza originalak ematen dira ezagutzera. Horretarako, erakusketa hiru eszenatoki ezberdinetan banatzen da:

• Lehenengoa Ilustrazio garaian kokatzen da, zientzia modernoaren hastapenean. Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen eskutik Errege Seminarioaren sorrera azaltzen da, eta bertan kimikak izan zuen garrantzia, wolframaren aurkikuntzarekin.

• Bigarren eszenatokian, XIX. mendearen erdialdean Real Seminario Científico Industrial zelakoaren sorrera, eta zientziak eta fisikak industrializazioan izan zuten garrantzia azaltzen da.

• Eta azken eszenatokia XIX. mendearen bukaeran kokatzen da. Errege Seminarioa dominikoen esku geratu zen garaia, eta ordura arteko proiektua zientzia naturalekin lotu zutenekoa.

Erakusketa guztian zehar, azken 250 urteetan gizartean bizi izan den garapena azaltzen da, Errege Seminarioaren historia kontatzen den heinean. Amaitzeko, XX. mendeko garapenari erreferentzia egiten zaio, hausnarketarako tarte batean. Historiaren lekuko, Seminarioko zientzia-bildumako 110 ale ikusgarri erakusten dira. Eta testu eta pieza originalekin batera, ikus-entzunezkoak eta interaktiboak ere baditu erakusketak.

Bergarako Mintegiko ondarea

Erakusketa nagusian, azkeneko 250 urteetan Euskal Herri mailan berritzeko egindako apustu handi baten historia eta horren testigu materialak aurkituko ditu bisitariak. Publiko oso desberdinendako prestatuta dago, irakurketa maila ezberdinekin. Formatu aldetik ere, formatu klasikoa aurkituko dugu, bitrinak eta testuak adibidez, baina interaktiboek ere pisu garrantzitsua izango dute.

Bildumetako piezez gain, adin guztietako jendearendako hainbat jolas eta ikus-entzunezko aurkituko ditu bisitariak: Elhuyar anaiek wolframa nola isolatu zuten ezagutzeko jokoa edota taula periodikoari loturiko jolasak, adibidez. Gainera, adituen adierazpenak eta iritziak ezagutzeko pantailak ere daude erakusketa iraunkorrean.

Bisitariak, Errege Mintegiko 3.000 piezako inguruko bildumatik, 110 ikusi ahal izango ditu, ibilbide kronologiko batean. Horrela, balio handiko piezak gertutik ezagutzeko aukera izango dituzte: Haitz-oilar andetarraren, Quetzalaren edota lehoinabarraren ale ikusgarriak; giza eskuin begiaren edota gorputzaren giharren modeloak; Carre makina, dilatometroa, Haldat aparatu bat...

Gizarte museoa

Bergarako Laboratorium museoa udal zerbitzua izango da, 'Gizarte museo' bat hain zuzen ere. Bere helburu nagusia, berrikuntza, zientzia eta hezkuntza oinarrizko eta ezinbesteko lanabesak izanik, gizartearen ber-garapenerako lan egitea izango da. Horrela, kultura zientifikoa sustatzeko eta nortasuna lantzeko beharra duen gaur eguneko gizarterako tresna izango da. Gainera, krisialdietan eta aldaketa garaietan arrakastaz aurrera egiteko hezkuntza, ikerketa eta berrikuntza funtsezko bitartekoak direla erakutsi nahi duen tresna ere izango da.

Hori dela eta, museoak ondo prestatutako laborategi didaktikoa du. Gazteekin eta eskolekin zientziarekin eta berritasunarekin loturiko proiektuak gauzatzeko erabiliko dute, batez ere. Gainera, aldi baterako erakusketetarako gunea ere badu museoak, eta bertan gizartearen kezkekin zerikusia duten erakusketak, zientzia zaletasuna sortzeko edo zientziari buruz hitz egiteko, eta gaurko arazoei buruz hitz egiteko direnak egongo dira, eta ideia hauekin bat datozen herritarren ekoizpenak ere erakutsi ahal izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak