Foru diputatua Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza Batzordean izan da gaur goizean, bere departamentuak legealdi honetarako finkatu dituen lehentasun, erronka eta lan ildoen berri ematen.
Iruzurraren aurkako lanean, departamentuak esfortzu berezia egingo duela iragarri du egiaztapenaren eta ikerketaren esparruetan.
Bestalde, foru diputatuak alorreko “interes taldeekin” hartu-emana hobetu eta hauen iritziak entzun eta kontutan hartzearen garrantzia azpimarratu du. Multzo honetan zergadunak, enpresak, entitateak, Gipuzkoako Foru Aldundiko beste departamentuak, administrazio publikoa, Ogasuneko langileak eta gizartea orokorrean aipatu ditu Larrañagak. Hauekiko “lankidetza” eta “hurbiltasuna” hobetzen saiatuko direla iragarri du Larrañagak.
Aberastasunaren sorburua, enplegua
Aberastasunaren zergaren erreformaren berri ere eman du. Hala, Foru Arauaren zirriborroa prest dagoela azaldu du. Aldaketa nagusia, azaldu duenez, enpresetako parte-hartzeak salbuetsita uztea da, enpresa proiektuak bultzatzeko asmoz. Foru diputatuak gogoratu du “guztiontzako aberastasuna kalitatezko enpleguaren bitartez” datorrela eta, horretarako, behar-beharrezkoa dela jarduera ekonomikoa eta proiektuen sustapena bultzatzea. Mugimendu “oso neurtua” dela argi laga nahi izan du Larrañagak. Honekin batera, erabaki honi esker aspektu honetan Gipuzkoa Araba eta Bizkaiarekin harmonizatuta geratuko dela azpimarratu du eta, aurrera begira, norabide honetan lanean jarraitzeko asmoa berretsi du.
Larrañagak zerga-sistema egungo ongizate maila mantentzeko tresna dela defendatu du eta, “ahal badugu”, daukaguna “hobetzeko”.
Lau zuzendaritza
Ogasun eta Finantza Departamentua lau zuzendaritzatan dago banatuta: Ogasuna, Jokin Perona buru; Finantza eta Aurrekontuak, Jose Corchonek zuzendua; Zerga eta Finantza Politika, Bittori Zabala zuzendariarekin; eta Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboa, non Idoia Yeregik hartu duen lehendakari izateko ardura. Lan-taldea aurkeztu ostean, Larrañagak testuinguru ekonomikoaren irakurketa baikor bat egin du, baina zantzu positiboak baieztatzearen norabidean lan egitera dei egin du. Besteak beste, lurraldeko Barne Produktu Gordinaren bilakaera positiboa izan du hizpide, eta zerga-bilketaren esparruan azken hilabeteotan izandako emaitza onak azpimarratu ditu. “Zuhur eta arduraz jarraitu behar dugu lanean hau guztia baieztatu eta egonkortzeko”, azaldu du.
EH Bildu: "Fiskalitate eredu kaltegarria da"
EH Bilduk Larrañagaren adierazpenen gaineko iritzia jakinarazi du; hain zuzen, bere ustez, "kaltegarria da Foru Gobernuak bultzatu nahi duen fiskalitate eredua, elite pribilegiatuak babesten dituelako eta desberdintasunean sakontzen duelako". Horregatik, "iruzur fiskalaren kontrako borroka areagotu eta justizia sozialean eta aberastasunaren birbanaketan oinarritutako fiskalitatea" aldarrikatu du EH Bilduk.
Ogasuneko diputatuaren lehen agerraldia Batzar Nagusietan "kezkagarria" izan da EH Bilduko bozeramaile Xabier Olanoren ustez, "agerian geratu delako PNV-PSE hasi direla korrika eta presaka fiskalitate eredua aldatzen, atzerako eraginez, gainera". Iragarri duten erreformarekin, “aberatsenak zergak ordaintzeaz libratzen dituen politika ez da jardun ekonomikoaren mesedetan egiten, lagunen mesedetan baizik”, adierazi du Xabier Olanok.