Gogoz txalotu dute 'Amama' lehen ikusleek

Xabier Mendiguren 2015ko ira. 21a, 12:43
'Amama' filma errodatzen: Asier Altuna, Telmo Esnal...

[XABIER MENDIGUREN 'SUSTATU'-n] Iritsi da 'Amama', Asier Altunaren filma, denok itxaroten genuena, eta aparteko iruzkina eskainiko diogu. Xalbadorren bertsoaribuelta emanda: ez bakarrik gurea, baizik ederra delako. Ederra, sakona, hunkigarria; ideiaz, sujerentziaz eta irudi liluragarriz betea.

Orain hogeita piko urte Julio Medem-ek bere estreinako filma estreinatu zuenean, Vacas, haserretu egin nintzen, ez hainbeste zuzendariarekin baizik eta izan zuen harrerarekin: "Honek ez du ideiarik ere baserria benetan zer den, eta hemen ari dira denak, gure izatearen deskubritzailea balitz bezala". Altunari, hasteko, bi gauza eskertu behar dizkiot: bata, benetan ezagutzen duela baserria (eta baserritarra) zer den; eta bestea, ez duela "euskal" izateaz eta esentziaz hitz egiten.

Hala ere, atzean gogoeta sakona dago, eta gauza askotaz hitz egiten da: belaunaldien arteko transmisioaz edo etenaz, baserriaren eta kalearen arteko talkaz, garai bateko bizimoduaren galbideaz... Hori dena, istorio oso bertako bat kontatuz: baserri batean, seme-alabetako inork ez du bertan lanean jarraitu nahi, eta aita egoskorrak ezin hori ulertu. Oso bertakoa  baina aldi berean oso unibertsala da istorioa, geure eran eta hizkuntzan kontatua, eta Asier Altunaren estetikarekin, arte-lan bati buruz ari baikara.

Kixi Altunak betidanik izan du surrealismorako joeratxoa. Telmo Esnalekin egindako lanetan umore errealistaren erregistroaren mugetan ibili bada ere, bakarkako lanetan nabarmena da hura gainditzeko joera. Adibidez azken laburretan, Zela Trovke eta Soroa. Azken honetan, azpimarragarria da, era berean, Jorge Oteizaren inspirazioa, gaur aipagai dugun filmean ere esplizitua: neolitikoarekin lotzen gaituzten 80 amonen kontuan, arteari ematen zaion gure arima interpretatzeko eta sendatzeko gaitasunean... Niretzat gehiegizkoa da oteizianismo hori guztia, baina hori nire mania pertsonal bat da, ez Altunarekin baizik eta oriotarrarekin.

Eta zer gehiago esan? Joateko denak ikustera. Kandido Uranga eta Iraia Elias zoragarri daude, eta berdin casting guztia. Lipusen rola, esaterako, azpimarratzekoa. Ederra da era berean argazkia, musika, hitz batean dena. Ea merezi bezalako arrakasta duen gure herrian, eta baita nazioartean ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak