Aurkezpen ofiziala gaurkoa da, 09:00etako emanaldiarekin, baina prentsak eta kritikak atzo izan zuten lehen emanaldia eta, orokorrean, harrera ona izan du filmak. Altunaren ausardia eta lan zehatza txalotu da, sarean bil daitezkeen lehen inpresioei begiratu azkarra emanda. Amama-ren erreferentzia bisual artistikoak, errealitatearen eta fantasiaren arteko jolas neurtua eta aktoreen lan ona azpimarratzen da, oro har. Esentziak eta aldaketak, tradizioak eta modernitateak, belaunaldiek… talka egiten dute filmean eta Argia-ko Gorka Bereziartuak nabarmentzen du, esate baterako, interesgarria izango dela ikusle bakoitzaren posizionamendua filmak irekitzen dituen arrakalen aurrean. Hala, lehen kritikak nagusiki onak izan badira ere, El Dario Vasco-ko kritikari den Alberto Moyanok filmaren gaitzespen osora heldu da txio baten, lana ideologikoki gorrotagarria zaiola adieraziz eta artistikoki ekarpenik ez dakarrela nabarmenduz. Gaur iritsiko dira kritika gehiago.
Gaurko lehen emanaldia 09:00etan da eta Kursaal sarreran jende ilara luzeak egon dira lehen ordutik. Espektazioa eta zeresana ekarriko du beraz Asier Altunaren Amama-k. Twitterren #Amama traol-berbak jada soka luzea dakar. Orain ikusleen txanda da. Zinemaldia eta gero, urriaren 16an estreinatuko da zinema komertzialetan.