Donostia Zinemaldia 2015

'Amama': Maskorra Debagoienera hurbiltzeko aurtengo aitzakia

220 film erakutsiko dituzte gaur, egubakoitza, hasi eta irailaren 26ra bitartean izango den Donostiako 63. Zinemaldian. Film batzuetarako aurre-salmentako sarrerak 24 ordu eskasean amaitu ziren; horien artean, Bergarako Asier Altuna Kixi-ren Amama (Txintxua Films) filmarenak. "Zinemagintzan krisia dagoen arren, Zinemaldian, berriz, alderantziz". Lan guztiak eginda dituzte; azken hilabeteetan lanpetuta ibili dira. Pelikula erakusteko gogoarekin eta lasai eta pozik daudela dio Bergarako zuzendariak. Astelehenean erakutsiko dute (09:00, Kursaal 1 aretoa). Sarreren %10 egunerako gordetzen dituzte, eta Sansebastianfestival.com atarian eros daitezke.

Mireia Gabilondo aktore eta zuzendari bergararrak eta Cayetana Guillen-Cuervo aktore eta aurkezleak jardungo dute gaurko inaugurazio-gala zuzentzen, 21:00etan, Kursaal auditoriumean.

Hirugarrenean, Ofizialean lehian

Aupa, Etxebeste (2005) eta Bertsolari (2011)  ere Zinemaldian erakutsi zituen; oraingoan, baina, Sail Ofizialean lehiatuko da Altuna. "Une honetan daukadan sentsazioa aurrekoetan nuen bera da. Konfiantza daukat pelikularekin, eta lasai noa. Eginda dagoen zerbait da eta ezin da aldatu. Ea jendeak nola hartzen duen, baina uste dut gustagarria izango dela".

"Baserri giroan dago kokatuta. Bi generazioren arteko talka da. Aitaren eta alabaren arteko elkar ezin ulertua eta inkomunikazioa da gai printzipala". Kandido Uranga, Klara Badiola, Iraia Elias, Anparo Badiola, Ander Lipus, Manu Uranga eta Nagore Aranburu dira aukeratu dituzten aktoreak, eta batere damurik ez dutela dio. Klara Badiola eta Kandido Uranga gidoia idazten zebilela bazituen. Irailean, istorioaren pertsonaien ezaugarrien arabera aukeratu zituen gainontzekoak. Aurpegi berrien ausardia nabarmendu du Kixik.

Bi zatitan filmatuta dago: iaz, uztailean eta urrian, Errezilen, Nafarroako Aldatz herrian, Azpeitian eta Donostian, hain zuzen ere. "Bi zatitan errodatzea konplikatua da, baina oso interesgarria ere bai. Filmatze batetik bestera moldaketak egin nizkion gidoiari, eta aktoreei ere ondo etorri zitzaiela uste dut".

Maskorra etxera?

Izen propio handiak daudela eta maila oso altua dela dio Altunak. "Ez dut bat ere ikusi. Terence Davisen Sunset Song-ek itxura ona dauka, haren zinema ezagutzen dut eta interesatzen zait. Bakemono no ko /The boy and the beast (Mamuro Hosoda) animaziozko filmak ere kuriositatea pizten dit. Villarongaren El rey de la Habana ere ederra izango da, seguru. Liburu on baten oinarrituta dago, gainera".

Irabazteko aukera beti dagoela dio, baina faboritoak beste batzuk direla gaineratuta. Gustura dago pelikula han aurkeztearekin. "Txintxua Films-entzako oso garrantzitsua da han egotea, bultzada handia emango digu, seguru. Amama sarritan entzungo da... Urriaren 16ko estreinaldirako tranpolin ederra da Zinemaldia. Sariak etortzen badira gero, ba, ongietorriak izango dira, noski.

Veronika Moralek bi film

Bergaran haurtzaroan bizi izan zen Veronika Moral aktoreak parte hartu duen Lejos del Mar (Imanol Uribe) filma ere, lehiaketaz kanpo bada ere, Sail Ofizialean erakutsiko dute. Horrez gainera, Paula Ortizek zuzendutako La Novia-n ere Zinemaldiko pantaila handian erakutsiko dute. Gaurko Puntua aldizkarian dago Morali egindako elkarrizketa.

Negozioetarako plaza ona

Ikusleak eta kritikariak asetzeaz gainera, Europako banatzaileekin akordioak lotzea du Kixiren taldeak helburu. Lanik gustukoena ez badute ere, jaiak eta bilerak ere badituzte agendan jasota.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.