"Laguntzeaz gain, gerra gerarazteko moduren bat aurkitu behar da"

Ubane Madera 2015ko ira. 18a, 09:01
Melita Imamovich.

Melita Imamovitx sarajevoarrak Eskoriatzan aurkitu zuen babesa 1992. urtean, beraren eta bere seme-alaben bizitza salbatzeko jaioterria zuen Bosniatik ihes egin behar izan zuenean. Errefuxiatuta egon zen San Viator Harrera Etxean –gaur egun  Huheziren Eskoriatzako fakultatea dena–, Bosniako beste bost familiarekin –19 lagun–, 1996ra arte. Berari eta orain siriarrei gertatutakoa edonori gerta dakiokeela esan, eta laguntasuna eman beharra dagoela azpimarratu du.

Zer eragiten dio errefuxiatu bati Europaren orain arteko erreakzioak?
Etxe barik geratzen zarenean, norbaiten babesa, laguntasuna eta harrera behar duzu. Nire kasuan, etxetik irten eta  berehala Mazedonian hartu ninduten; baina epe motzerako izan zen, hiru hilabeteko hiru egonaldi egin nituen hiru familiatan, eta erabaki nuen handik ere mugitu egin behar nuela. Ez nengoen egonkor eta ezin nuen etorkizuneko planik egin, seme-alabak ezin ziren eskolara joan… Hona etortzean, babestuta sentitu nintzen, ezer txarrik ezin zitzaidala gertatu sentitu nuen. Ezin dut irudikatu nire burua errefuxiatu talde batean, kalean, mendian, noraezean, inork nahi ezta, animaliak moduan… Pertsonak  gara, eta edozeini gerta dakioke halako zerbait. Inork ez du bere etxea utziko ondo badago, hau da, seguru badago; ez aberatsa delako, baizik eta bizitzeko oinarrizko baldintzak baditu. Ni, gerra aurretik, oso ondo nengoen nire herrian. Ihes egin banuen ez zen izan bizitza aldatu gura nuelako, edo neukana baino gehiago nahi nuelako, baizik eta nire bizia eta nire seme-alabena salbatu gura nuelako. Inork ez du gustuz edo kapritxoz alde egiten, bizia salbatzeko egiten dute. Jende asko da eta oso zaila da guztiei laguntzeko modua aurkitzea, baina…
Eta gerrekiko jokabidea ere…
Gai politikoa da. Eta ez zait politikan sartzea gustatzen. Baina uste dut ez dela garrantzitsua gerraren ondorioak bakarrik konpontzea, baizik eta gerraren arrazoiak ere konpondu egin behar direla. Ahal bada, gerarazi. Ez dakit zela, horregatik ez nago politikan sartuta, baina moduren bat egon beharko luke halakoak gerarazteko. Gainera, horrelako gerrek eragina dute mundu guztiarengan, ez bakarrik inguru haietan bizi direnengan. Lagundu egin behar zaio jendeari, baina, era berean, gerrak gerarazteko moduren bat aurkitu behar da.
Zuen esperientzia zelakoa izan zen?
Herriak hartu gintuen, baina gobernuaren babesarekin. Paperak eman zizkiguten, sartzeko baimena, osasunerako babesa, lanerakoa… Eta Eskoriatzara etorri ginenok herritarrek hartu gintuzten. Hamar bat laguneko talde bat zegoen behar genuen guztia lortzen: dirua, jantziak, elikagaiak… umeak eskolara joaten ziren… Astero batzar bat izaten genuen eta bakoitzak behar genuena esan eta hurrengo egunean ja bagenuen. Oso ondo hartu gintuzten. Ez zen logela bat, janaria… izatea. Jendea egunero etortzen zen, yoga, aerobika… egiten genuen, abesbatzara joaten ginen, gaztelania erakutsi ziguten… Dena hemengo jendeak eman zigun. Gurekin egunero egoten. Asko lagundu ziguten. Halako egoera zailetan pozik egon badaiteke, benetan, orduan gu pozik bizi ginen.
Horren adibide, etortzen segitzen duzu…
Bai. Lauzpabost urtean behin bisitan nator, lagunak bisitatzera. Lagunik onenak hemen ditut, ez Bosnian. Benetan. Hemen geratzea ere pentsatu nuen; hemen ondo nengoen, lan finkoa nuen lankide oso-oso onekin… eta bueltatzea asko kostatu zitzaidan, hemen 3-4 urte bizi eta gero, bizitza berriro ere hasi beharra, han guztia zegoen apurtuta…  Baina gurasoek Bosnian gura zuten hil, eurekin bueltatu nintzen, eta ez naiz damutzen. Ezagutzen ditut hona etorri eta hemen geratu direnak, hemen oso ondo daudelako. Baina, hori bai, guztiek dute herrimina eta gura dute Bosniara bueltatu. Guztiek diote: "Erretiratzen naizenean Bosniara bueltatuko naiz". Nik uste dut mundu guztiak gura duela jaio zen herrira bueltatu. Siriar guztiak bertan geratuko diren beldur da Europa, baina nik uste dut jaioterrian bakea badute, bueltatu egingo direla. Etortzen direnekin lotuta, berriz, haiei eman ahal zaien laguntzarik onena da norbaiti lana aurkitzen laguntzea. Badakit gaur egun ez dagoela denondako lanik, baina egoten dira inork egin nahi ez dituen lanak: garbiketak, nagusiak zaindu… Lagundu egin behar da. Edonori toka dakioke. Inor ez dago betiko salbu. Izan ere, sekula ez dakizu zeini lagunduko diozun eta zeinek lagunduko dizun.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak