Jarraibide ekonomiko horiek gastu kontzeptuen edo kapituluen aurrekontuari buruzko irizpideak finkatzen dituzte, betiere aurreikusitako eszenatoki makroekonomikoa aintzat hartuta eta urte askotako aurrekontu programazio baten inguruan (2016-2019 urteetarako aurrekontu eszenarioaren berri ere eman zen Kontseiluan).
Imanol Lasa foru bozeramaleak aditzera eman duenez, erabaki honekin, “lehen pauso inportantea” eman dute datorren urteko aurrekontuak gorpuzteko: “Esan genuen lehen minututik hasiko ginela lanean, denbora galdu gabe, eta horretan gabiltza”. Lasak esan du aurrerago zehaztu ahal izango dituztela datuak, urrian Euskal Finantzen Kontseiluan onartzen diren diru-sarreren arabera, besteak beste.
Edonola ere, Lasak mugarri garrantzitsutzat jo du Kontseiluaren erabakia, aurrekontuak “modu planifikatuan” eta “koherentzia baten baitan” osatzeko oinarriak finkatzen baititu. “Kudeaketa Plana prestatzen ari gara ere, eta laster aurkeztuko dugu. Bi prozesu paralelo dira, bat eginik doazenak. Batek lehentasunak finkatzen ditu, eta besteak, berriz, zer bitarteko eduki ditugu horiei aurre egiteko. Kudeaketa Planak jasotako ildo estrategikoak jarraituko ditu aurrekontuen diseinuak, hain zuzen”.
Kudeaketa Plana izango da lan-tresna
Foru bozeramalearen esanetan, Aldundiaren lan egiteko modua “eraldatu” nahi du Gobernu berriak. “Oso argi dauzkagu zeintzuk diren Gipuzkoaren lehentasunak eta argi dugu ere ezin dugula inprobisazioan erori. Etxea behetik eraikitzen ari gara, ez teilatutik. Lan eraginkorra egin nahi badugu, ezin gara zenbakiak koadratzera mugatu; aurrekontuak osatzeko prozesua hori baino mami handiagoa eduki behar du, eta planifikazio estrategikoaren barruan txertatu behar da, gardentasun osoz”.
Nabarmendu duenez, helburu hori betetzeko, Kudeaketa Plana izango da Aldundiak erabiliko duen tresna: “Planari esker, gipuzkoar guztiek jakin ahal izango dute zer egin nahi dugun, nola egin nahi dugun, betetzen dugun ala ez, eta zer neurritan betetzen dugun. Beraz, ebaluaziorako erreminta ere izango da”.
Kudeaketaren ardatzak zerrendatu, eta horiek guztiak “aurrekontu proiektuan zehatz-mehatz atxikita” agertuko direla azpimarratu du Lasak: Lurraldeko ekonomia sustatu, 50 milioi euroko inbertsioarekin; gizarte politiken sistemari eutsi; hiri-hondakinen kudeaketa egokia; garraio sistema publikoa; errepide sarea hobetu eta finantzazioa bermatu, Gipuzkoako biribilgunea barne hartuta; kultura, eta Gipuzkoan Gobernantza eredu berria ezartzea.