Mundukidek eta Lankuk 'Kapulana bat zintzilik' ikuskizuna aurkeztu dute

Goiatz Arana Begiristain 2015ko ira. 10a, 11:32

Bere lanaren argazki erakusketa ibiltaria kooperatibaz kooperatiba eraman eta gero, Mundukide Fundazioak Euskal Herrian barrena zabalduko du orain erakusketa hori. Miren Amuriza bertsolariak bertso eta ipuinekin jantziko ditu, gainera. Mundukideren 15. urteurrenaren harira antolatutako ekimena da. Atzo, eguaztena, aurkeztu zuten, Donostian.

'Kapulana bat zintzilik' izenburua, zergatik?

"Kapulanak, Mozanbikeko emakumeen oihal koloretsuak dira; soineko moduan, haurrei lepoan eusteko, jana biltzeko edota etxeak apaintzeko baliatzen dituztenak. Hain dira erabilera anitzekoak, ezen edozer aurki baitaiteke zapi handion estalpean", azaldu zuten, Donostian egindako aurkezpenean.

Emanaldi horretan, kapulana bat zabalduko dute eta bertan gordetako kantu, kontu eta irudiak aterako. Mozanbikeko lurrazalaren historiatik hasita, emakumeen eskuetako azal zimurrak irakurtzeraino egingo dute bidaia. Tarte horretan, kooperazioaz, nekazaritzaz, haurtzaroaz edota hizkuntzaz arituko da Miren Amuriza, Eider Eibarren ilustrazioak lagun hartuta; hala bertsoz, nola ipuinez. "Ez da abentura baten kronika izango, ezta Gobernuz Kanpoko Erakunde baten hitzaldia ere; hausnarketa txikiz eta galdera handiz josiriko kontakizuna baizik. Hala nahi duenarentzat, bere gogoetak eskegitzeko oihal zabala". Horixe da Kapulana bat zintzilik, euren hitzetan.

Udazkenean, martxan

Erakusketa astebetez eraman dezake antolatzaileak bere herrira, eta Mundukide arduratuko da erakusketa jartzeaz eta biltzeaz. Erakusketak irauten duen bitartean eta antolatzaileak aukeratzen duen egunean, Miren Amuriza emanaldi bat eskaintzera joango da Kapulana bat zintzilik emankizunarekin.

Oñatin eta Aretxabaletan

Lehen erakusketa-emanaldia Berrizen izango da, urriaren 5ean hasita. Azaroaren 23tik 27ra, Oñatin, eta 26an egingo dute emanaldia, 17:00etan, Ulma enpresan. Eta urtarrilaren 4tik 17ra Aretxabaletaren txanda izango da; 13an eskainiko dute emanaldia, 19:00etan, Zaraia kultura etxean.

Mundukide Fundazioa eta Lanku Bertsozale Elkartea dira antolatzaileak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak