Liburuxkan, "bizitza eskubidea urratu" zaien biktimak lau epigrafetan banatzen dira: ETApm, ETAm, Komando Antikapitalista Automoek eta ETAk hildakoak, batetik; Triple A, Batallón Vasco-Español eta GALek hildakoak, bestetik; hirugarrenik Segurtasun Indarrek hildakoak eta laugarrenik egiletza zalantzazkoa dutenak. Beste atal baten kontrastea ala ikerketa sakonagoa behar duten kasuak jasotzen dira. Jaurlaritzak agindutako txostenaren arabera biktima izan diren herri guztietako alkateei eman zaie txosten bana.
Hala, atzoko ekitaldian Maria Ubarretxena, Juanje Alberdi, Mikel Biain, Unai Elkoro, Joserra Zubizarreta eta Beñardo Kortabarria egon ziren, Debagoienetik. 43 biktimen kasuak jasotzen dira Debagoieneko txostenetan, Arrasateko 18, Bergarako 6, Oñatiko 11, Aretxabaletako 4, Eskoriatzako 2 eta Antzuolako 2.
Herririk herri, liburuxkan jasotakoak, Jaurlaritzaren Irekia plataforman kontsulta daitezke.
Urratsak egiteko unea
Arrasateko alkate Ubarretxenak uztailean jaso zuen Memoriaren erretratuak eta garrantzi handiko dokumentua dela uste du: "Urratsak egiten hasi egin behar dugu; gizarteak ere, inplizituki bada ere, eskatzen du aurrerapausoak ematen hastea". Horretarako, baina, atzera begiratua "ondo" egin behar dela azpimarratu du.
"Gabeziak" dituen lanketa
Oñatiko alkate Biainek ere gai garrantzitsua, delikatua eta arduraz landu beharrekoa dela dio. Baina kritika hitzak ere izan ditu: batetik, informazio "gutxi" helarazi dietelako; eta bestetik, "gabezia nabarmena" igarri dutelako: "Lanketa horretan ez da kontuan hartu, esaterako, kartzela politikaren ondorioz eta dispertsioaren eraginez hildako hainbat herritar".