Petrolio eta gas hornitzaileak garatzeko hitzarmena egin dute Jaurlaritzak eta Petronor-Repsolek

Arantxa Tapia eta Emiliano Lopez Atxurra.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapiak eta Petronor-Repsoleko presidente Emiliano López Atxurrak hitzarmen marko bat sinatu dute petrolio eta gas sektoreko hornitzaileen garapen-plana abiarazteko, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen (ZTBES) eta Repsolen teknologia-zentroaren (RTZ) arteko lankidetza markoa egituratzeko.

Bi erakundeek uste dute Euskadiko sistema ekonomikoaren lehiakortasun-sistemak hobetzeko beharra duela, eta horretarako, produktibitate ekonomikoa bermatu behar dela, nazioartean erreferente den eta inguruko enpresa hornitzaileek osatzen duten sare industriala indartzen laguntzen duen industria-jardueraren esparru berritzaile batean.

Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritzak eta Petronor-Repsolek lankidetza publiko-pribatua bultzatzeko konpromisoa adierazi dute. Izan ere, gizarte-erantzukizuneko tresna eraginkorra da eta enplegua eta produktu eta zerbitzu aurreratuak sortzen laguntzen duen ingurua eragiten du, petrolioaren eta gasaren sektoreko enpresa hornitzaileei dagokienez.

Euskadik Espezializazio adimentsuko estrategia (RIS3) dauka, Europako Batasunak babestua, eta industriaren garapenean lehentasunezko hiru arlo ezarri ditu: fabrikazio aurreratua, energia eta biozientziak. Horregatik, energiaren sektoreko hitzarmen honek Euskadiko industria osoaren beharrei eta interesei erantzuten die.

Hornitzaile lehiakorren plataforma

Hitzarmen honek Oil&Gas sektorerako hornitzaile oso lehiakorren plataforma sortzeko konpromisoa biltzen du.

Horretarako, Eusko Jaurlaritzak eta Petronorrek honako konpromiso hauek hartu dituzte:
    •    Euskadiko Oil&Gas sektoreko hornitzaileak eta hornitzaile potentzialak identifikatzea.
    •    Hornitzaile bakoitzak sektorean lehiakor aritzeko duen gaitasuna balioztatzea.
    •    Hornitzaile potentzialei garatzeko plan bat definitzen eta ezartzen laguntzea, lehiakorragoak izan daitezen produktu edo zerbitzuari jakintza gehituta eta kudeaketa aurreraturantz abiatuta.

Arlo horretan, Eusko Jaurlaritzak lehiakortasuna aztertzeko askotariko tresnak jarriko ditu enpresen esku, bai kudeaketaren alorrekoak (Innobidea-Kudeabide programa), bai teknologiaren alorrekoak (ZTBES).

Petronorrek, bestalde, sektorearen beharrei eta etorkizuneko garapen-ildoei buruzko ezagutzak helaraziko dizkie enpresei, adituen laguntzarekin.

Halaber, produktu eta zerbitzu berritzaileak aztertzeko eta probatzeko konpromisoa hartu du. Enpresei emaitzen berri emango die, eta produktu edo zerbitzuak bideragarri egiteko hobekuntzak proposatuko dizkie. Hala, emaitzak egokiak direnean, merkaturatzeko erreferente eta preskriptore jardungo du.

Produktu eta zerbitzu aurreratuagoak

Hitzarmenaren helburuetako bat produktu eta zerbitzu berritzaileagoak eta aurreratuagoak lortzeko lankidetza markoa sortzea da. Hala, ZTBESek Repsolen teknologia-zentroak bultzatutako proiektuetan parte hartzea aurreikusi da.

Repsolen teknologia-zentroak bultzatzen dituen garapen-ildoetan «bazkide» izan daitezkeen eragileak identifikatuko dira gaitasun zientifiko-teknologikoen arabera, baita interes arloak ondo ezagutzen dituztelako zenbait proiektutan parte hartu ahal izango duten pertsonak ere.

Hitzarmena gauzatzeko, zeregin bakoitzerako berariazko lantalde teknikoak sortuko dira, eta Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun Sailburuordetzak eta Industria Sailburuordetzak ere parte hartuko dute.

Erlazionatuak

Erregaia azkenaldiko merkeen egon da

Debagoiena

Gasolina eta gasolioa azken boladako prezio txikienetan saldu dira udan. Urteko gailurra ekainean jo zuten eta orduz geroztik behera baizik ez dute...

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.