"Gipuzkoari bultzada emateko proposamen zehatzak aurkeztuko ditugu eta azken urteotan korapilatu diren arazoei konponbidea emango diegu", esan du Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok, goizean egindako agerraldian. Horri gehitu dio diputatuekin, Foru Aldundiko langileekin eta Gipuzkoako eragileekin eztabaidatutako plana bultzatuko dutela, eta hiritarren iritzia ezagutzeko ere inkesta bat egingo duela Aldundiak: "Gestio plana oso elementu garrantzitsua da guretzat, eta azken emaitza aberasteko ekarpen guztiak jaso nahi ditugu", adierazi du.
Ekonomiaren suspertzea
Olanok esan du ekonomiaren suspertzeak garrantzia "berezia" izango duela kudeaketa plan horretan eta horren erdian kokatu du krisiari aurre egiteko plana. Ildo horretatik, esan du Gipuzkoako foru gobernua krisiari aurre egiteko programa batean "buru-belarri" ari dela lanean eta datorren urteko aurrekontutik 50 milioi euro bideratuko dituela proiektu honetara. Gipuzkoako ekonomia sustatzeko ekimena izango da, Gipuzkoako gizarte eragileek ere parte hartuko dute proiektuaren diseinuan eta diputatu nagusiak berak hartu du prozesua gidatzeko konpromisoa. "Ekonomia sustatzea eta lurraldeko eragileei laguntzea dira legealdi honetarako finkatu ditugun lehentasunak. Horrelako neurriekin krisitik atera eta Gipuzkoa lehentasunezko tokian kokatu nahi dugu", nabarmendu du.
Azken datu ekonomikoak kontuan hartuta, Olanok esan du "Gipuzkoa hazkunde ekonomiko batean" dagoela eta, "Euskadiren datu ekonomiko onekin batera, baikor izatera" eramaten gaituela honek. Zehazki, uztaileko diru bilketaz mintzatu da Olano, iazkoarekin alderatuta, %5,2 hazi delako (93 milioi euro gehiago). Olanok argitu du lanaren etekinaren eta irabazien gaineko zergen igoeraren ondorioz gehitu dela diru bilketa; BEZa eta PFEZ-A jeitsi egin direla esan du.
Datu ekonomikoekin baikor, Olanok esan du PFEZ-aren eta sozietateen gaineko zergaren kanpainak bide onetik doazela eta laster ezagutuko ditugun abuztuko datuek baieztatuko dutela joera "on" hori. "Gipuzkoa sendotzea da gure helburua eta bide onean goaz", jakinarazi du Olanok.
"Lanean erabat murgilduta"
Datu ekonomikoen errepasoaren ondoren, diputatu nagusiak esan du foru gobernua lanean erabat murgilduta dagoela; agintaldiko lehen bi hilabete hauek etxea lanean jartzeko eta izendapenak egiteko baliatu dituztela eta aurrerantzean eguneroko lanean murgilduta arituko dela aldundia: "Gipuzkoarrek euren konfiantza eman digute eta ez diegu hutsik egingo. Gipuzkoarron arazoak konpontzera gatoz eta proiektu asko ditugu. Ziur gaude, lau urte barru, Gipuzkoa egoera askoz hobean egongo dela", aurreratu du.
Azken urteetako udarik "onena"
Amaitzeko, Olanok esan du uda "ezin hobea" izan dela eta, batez ere turismo datuei begiratura, azken urteotako udarik onena izan dela Gipuzkoan. Abuztuko datuen faltan, Olanok esan du uztailean 112.500 turismo sarrera izan zirela Gipuzkoako dendetan eta 245.200 lagunek pasa zutela gaua Gipuzkoan, iaz baino %10,9 gehiagok. Eta datu on hauek kostaldean ez ezik, barnealdean ere eman dira: kostaldean okupazioa %79koa izan da, eta barnealdeko nekazal etxeetan iaz baino %14 gehiagokoa: "Datu oso onak dira, eta kontuan izan behar da oraindik abuztua eta iraila falta direla. Agendan daude, besteak beste, Tabakaleraren irekiera, estropadak, Euskal jaiak edo Zinemaldia, turista asko erakartzen dituzten hainbat ekitaldi garrantzitsu".