Aspalditik dihardute Correos-en izenean troianoa baliatuta iruzur hori egiten. 2014an dagoeneko Ertzaintzak eman zuen abisua. Eta Correos-en bertan uste zuten iruzur mota hori bertan behera utzita zegoela. Baina antza, atzera ere hasi dira mezuok bidaltzen.
Itxura korporatiboa
Hain justu ere, egunotan izan da gutxienez halako baten berri Debagoienean. Irudiak erakusten duen moduan, abisuak benetakoa dela dirudi, izan ere, iruzurgileek Correosen logotipoak eta kolore korporatiboak erabili dituzte mezua lantzeko.
Mezuan, ustezko paketeari buruzko informazioa jaisteko esteka bat gehitzen da. Baina, esteka horrek erabiltzailea beste orrialde batera eramaten du eta bertan bere datuekin orri bat, captcha betetzea eskatzen zaio
Captcha bete eta intro emandakoan, erabiltzaileak troiar bat jaisten du bere ordenagailura eta ordenagailuko informazioa enkriptatzen duen programa bat abiarazten da. Programa horrek informazioa bahitu egiten du eta datuak ez erabiltzeko moduan uzten ditu. Ondoren, erabiltzaileak enkriptatutako mezua berreskuratzeko erreskate eskaera jasotzen du.
300 eurotik hasi
Eskaera gehienak 299 eurokoak izan dira. Eta lehen eskaera onartu ezean, bigarren eskaera batean bikoiztu egiten dute ordaindu beharreko kopurua. Gainera, zenbait kasutan ordenagailua formateatu beharra izan da, eta bertako datuak ezin izan dira berreskuratu.
Bestalde, Correos-etik adierazi dute eurek ez dituztela halako jakinarazpenik bidaltzen posta elektronikoetara. Bidaltzekotan ere, bezeroen telefonoetara bidaltzen dituztela.
Beraz, poliziak esaten duenari kasu eginez, onena eta zuzenena da mota horretako mezuak zuzenean borratzea. Eta mezura sartuz gero, edozelan ere, ezertxo ere ez deskargatzea.