Dokumentuetako batzuk dagoeneko aurkeztu dituzte, eta gainontzekoak astelehenean, abuztuaren 3an, eramango dituzte Eusko Jaurlaritzara. Beraz, eskaera bera aurkeztu gura duenak oraingo domekara arte, abuztuaren 2ra arte du dagokion dokumentua betetzeko epea. Nork bere esparruko auzo alkateari eska dakioke dokumentua.
Ulertzeko nekeza
Lau puntu aurkeztuko dizkiote Jaurlaritzari dokumentuon bitartez.
- Ekainaren 16ko buletinaren arabera, epea abuztuaren 13an bukatuko da.
- Administrazio Publikoaren praktika egokiaren kontra doa hori, epe ia baliogabea edo opor-aldia delako emandakoa.
- Dokumentua ulertzeko edo interpretatzeko zailtasun handiak daude.
- Informazio edo parte-hartze eskasa edo ia hutsala eman diete kaltetuei.
Leintz ibarra eta Oñati
Aretxabaletako, Eskoriatzako, Leintz Gatzagako eta Oñatiko herritarrak dira Aizkorri-Aratz eremuaren izendapenaren kontrako alegazioak lantzen dihardutenak. Aizkorri-Aratz natura parkea Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzeak ondorio kaltegarriak izan ditzakeela uste dute.
Izan ere, natura parke osoaren %47 inguru Debagoieneko herrietakoa da. Oñatin 4.237 hektarea egongo lirateke KBE eremuan, Eskoriatzan 1.573 hektarea, Aretxabaletan 994 eta Leintz Gatzagan, azkenik, 784 hektarea. Eta lurron erabiltzaile eta jabe batzuen ustez, izendapen horrek ekarriko dituen debekuetako batzuk kaltegarriak izango dira eurendako.