Nagore Bonilla: "Ekoizpena handitu eta lanpostuak sortuko dira Fagor CNA Groupen"

Leire Kortabarria 2015ko uzt. 24a, 18:00
Nagore Bonilla.

Uztailaren 29an betetzen da urte bete Fagor Etxetresnen aktiboak CNA taldeari adjudikatu ziotela. Fagor CNA Group-eko bozeramaile eta Komunikazio eta Marketin zuzendari Nagore Bonillaren esanetan, "gauzak ezin hobeto doaz".

Jorge Parladek esan du, orain berriz erosteko erabakia hartu behar izango balu, berriz gauza bera egingo lukeela… Gauzak ondo joan diren seinale?

Gauzak ezin hobeto doaz eta orain dela hilabete batzuk Fagor marka eta enpresarentzat erronka polit bat zena, gaur egun, errealitate sendo bilakatu dela esan dezakegu.

Hilabete hauetan lortutakoa ikaragarria dela uste dugu;  Industria Planeko mugarriak bete ditugu eta estatu mailan akordio komertzialak ere sinatuak ditugu jada. Nazioartean, hainbat hitzarmen sinatu ditugu dagoeneko, beste batzuk sinatzear daude eta beste zenbait negoziatzen ari gara oraindik. Era berean, aukera komertzial berriak hauteman ditugu eta horrek negozio aukera berriak ekarriko ditu. Berrikuntza plana ere abian dugu eta horri esker, laster produktu berriak aurkeztuko ditugu. 

Bi lantegi bakarrik izango ditu Fagor CNA Group-ek; zergatik hartu duzue erabaki hori?

Zenbait fabrika alokairuan ditugu eta horrek kostu altua dakar; hori dela eta erabaki da bi lantegi mantentzea. Hemendik aurrera, Garagartza izango da gure fabrika nagusia eta bulego zentralak ere bertan kokatuko dira. Honek, guretzat baditu hainbat abantaila, hala nola, aipagarrienak: estruktura kostuak murriztea edota langile ia guztia leku berean kokatzea, lan harremanak sendotuz eta fabriken arteko lekualdaketak ekidinez.

Garbigailuekin maiatzean hasi zen Fagor CNA eta hozkailuak ekoizten hasteko asmoa dago urte bukaerarako. Hasiera baten, marjina txikienak ematen zituzten negozioak ziren. Ze aurreikuspen dituzue bi negozio-lerro horietarako?

Garbigailuen salmentak uste baino hobeto doaz, urrirako ekoizpena bikoiztea dugu helburu eta produktuen ingeniaritza eta garapen lanetan dihardugu datorren urtera begira. Hozkailuen kasuan ere, produktua europar zuzentarau eta eskaeretara moldatzen ari gara, eraginkorragoak izan daitezen eta berme guztiak bete ditzaten; gure produktuak irizpide horien baitan merkaturatzea baita gure nahia eta xedea.

Eta urte bukaerarako?

Lantegien ekoizpena bikoiztuko dugu;  horri esker, lanpostu berriak sortuko dira, eta urtea amaitzerako Fagor CNA Groupen 620 langile inguru izango garela aurreikusten dugu. Ordurako Geyser-Gastech Garagartzara lekualdatuta egotea ere espero dugu. Langile gehienak Garagartzan kokatuta egongo dira irailetik aurrera.

Salmentei dagokienez, oraindik ezin dugu jakin urtea nola bukatuko dugun. Urte hasiera nahiko motela izan da, batez ere tokiko merkatuari dagokionean, inplementazio lanetan egon garelako bereziki, baina martxotik hona salmentek oso martxa ona hartu dute eta pozik gaude beraz, lortutako kuotekin. Tradizioz, urte amaierako salmentak onak izan ohi dira eta horrek gure alde egin dezake.

Eskoriatzako lantegia handitzeko asmorik badago?

Txinako lapiko fabrikaren etorkizuna aztertzen ari gara. Momentuz ekoizpen gehiena Eskoriatzara ekarri dugu eta horrek bertako hasierako ekoizpen kopurua hirukoiztu ahal izatea eragin du. Hasieran 500 lapiko ekoizten ziren egunean, egun 1.000 ekoizten dira eta aurreikuspena eguneko 2.000 ekoiztea da.

Zein da langileen profila? Zenbat datoz Fagor Etxetresnetatik?

Bulegoetan langile gehienak lizentziadunak eta ingeniariak dira; fabrikan, berriz, LH1 ikasketak dituzte. Oro har, langile taldea gaztea da eta gehienak Fagor Taldetik datoz, 337 alegia, Edesa, Fagor eta Grumaletik.

Langileak kontratatzerako orduan, aurretik Fagorren lan egin izanari ematen zaio garrantzi handiena.

Zeintzuk dira Fagor CNAren merkatu preferenteak?

beriar merkatua, batetik, eta nazioartean, Europa, Ipar Afrika, AEB eta Txina, bestetik. Baita Malaysia eta Tailandia ere, bertan filialak baititugu.

Fagor marka erabiltzeko ze baldintza duzue? Mondragon Korporazioarekin ze harreman duzue?

Fagor S Coop.-ekin marka erabiltzeko Lizentzia Hitzarmena dugu, lehen Fagor Etxetresnek zuten moduan.  30 urterako sinatu dugu lizentzia eta bere baitan hartzen dituen markak Fagor, Edesa eta Splendid dira, baina Edesa da esleipen prozesuan Catak bere gain hartutako marka bakarra.

Mondragon Korporazioarekin ditugun harremanak oso onak dira, ezin baitute beste modu batekoak izan.

Fagor Etxetresnen gailuen garantiak, SAT… zuek ematen dituzue?

Fagor markak bost urteko bermea eskaintzen die bezeroei katalogoko produktuetan. Momentu honetan Iberiar merkatuan dagoen bermerik zabalena da,  5 urtekoa izateaz gain, piezak eta eskulana barne hartzen baititu. Lekualdaketa da kanpo gelditzen den gauza bakarra, baina honek badu arrazoi bat oinarrian: gehiegikeriak ekiditea.  

Bermeak fabrikatzaileak eman behar ditu, legeak eskatzen duen moduan; horiek sare-teknika bidez egiten dira, gure aurreko SATa litzatekeena, baina gaur egun beste kooperatiba bat dute osatua eta kooperatiba horretan CNA taldeak partaidetza du. 



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak