Asier Altuna: "Uste dut zine ona egiten ari garela"

Eneko Azkarate 2015ko api. 30a, 10:00

Amama errodatzen: Javier Agirre argazki zuzendaria eta Telmo Esnal zuzendari laguntzailea alboan dituela, Nafarroako Aldatzeko basoetan.

Apirilaren 30ean, Puntua aldizkariaren 14. zenbakian argitaratutako elkarrizketa da hau.

Baserri giroa omendu nahi izan du ‘Amama’ filmean. Azken ukituak ematen dihardu eta Donostian estreinatu nahiko luke, ‘Aupa Etxebeste!’ eta ‘Bertsolari’ bezala

Euskaraz sortutako zinemagintzan erreferentzia da Asier Altuna (Bergara, 1969), Telmo Esnalekin batera. Biek ala biek antzeko curriculuma dute eta batera aritu dira hainbat proiektutan. Orain, bakarka idatzi, ekoiztu eta zuzentzen duen lehen filma bukatzen ari da bergararra, uda osterako estreinatzeko. Amama da azken proiektu hori.

Fikziozko lehen bakarkako film luzearekin zabiltza buru-belarri. Erronka handia?

Bai. Hala ere, alboan izan ditut beste lan batzuetan ere gertu izan ditudanak: Telmo Esnal, zuzendari laguntzaile; edo azkenaldian oso lan onak egiten dabilen Javier Agirre argazki zuzendari lanetan. Bertsolari ere bakarrik egin nuen, baina fikziozko film luze bat egin nahi nuen, horrek dakarren erantzukizunarekin. Hasieran urduri samar ere banengoen, baina filmatzen hasi orduko disfrutatzen hasi nintzen eta oso polita izan da guztia.

Non filmatu duzue?

Bi zatitan egin dugu: lehenengo, iaz, udan, uztailean; bigarren zatia, udazkenean, irailean, urrian eta azaroan. Kokaleku nagusia Errezilgo Eitzeta baserria izan da. Filmaren zati nagusia baserri baten igarotzen da eta hura aukeratu genuen Ander Sistiaga ekoizleak eta biok Euskal Herriko eta, batez ere, Gipuzkoako baserri piloa ikusi ostean. Teilatu, ate dota leiho zaharreko baserri bat nahi genuen, interbentzio arkitektoniko gutxikoa. Era berean, baserriko jarduna zuena, baratzeak eta abar. Bigarren espazioa basoa da. Inportantzia handia dauka filmean. Nafarroan aurkitu dugu, Aldatz herrian. Bertsolari-n ere amildegiaren irudia-eta han filmatu genuen. Gero, herria Azpeitia da eta Donostian ere filmatu dugu.

Aktore protagonistak, Klara Badiola eta Kandido Uranga.

Gidoia idazten ari nintzela haiek neuzkan gogoan. Seme-alaben rolerako, otera, Iraia Elias zarauztarra, antzerki obra baten kalean ikusi nuena, eta Kandido Urangaren semea, Manu, filmean ere haren semearena egiten duena. Biak ala biak berriak dira zineman. Apustua izan da. Gero, Ander Lipus ere agertzen da. Aspalditik nahi nuen harekin lan egin. Haren fisikoa dut gustuko, oso aldabera da, kameleoien antzera.

Eta amamarena?
Amparo Badiolak egiten du. Zimur dotoreko amama bat nahi genuen eta kalean aurkitu genuen. Pasai San Pedron. Konbentzitu egin genuen. 5 urte zituela, gerraren ondorioz, erbestera joan behar izan zuen, Frantziara.

Ze puntutan daukazu filma?
Filmaketa azaroan amaitu genuen, muntaia ere bukatuta dago eta musika grabatu berri da. Javi Pezek eta Maite [Arriotajauregi] Mursegok elkarrekin egin dute. Orain gabiltza musika eta soinua lantzen eta sartzen. Gero, filmari kolorea, efektu digitalak, gehituko dizkigu ekoizpenaren azken fasean, eta horrekin bi hilabete emango ditugu.

Donostiako Zinemaldirako gertu?
Oso ondo hartu eta zaindu gaituzte beti Donostiakoan. Aupa Etxebeste! eta Bertsolari han estreinatu genituen. Eta beste honekin ere nahiko genuke. Ikusiko dugu.

Loreak lehiatu zen iaz sail ofizialean…

Ez da batere toki txarra, ez, filma estreinatzeko. Lehia gustuko dut, eta ondo legoke Donostiako sail ofizialean lehiatzea. Sekulakoa! Loreak aurrekari ona da. Sari eta aitorpen asko jaso ditu nazioartean. Erakusten du hemen bagabiltzala azkeneko hamar urteotan euskarazko film txukunak egiten. Uste dut zine ona egiten ari garela.

Loreak azken euskal filmaren arrakasta ze iruditu zaizu?

Estreinaldian egon nintzen, eta urduritasun puntua sumatzen zen denon artean. Pelikula gustatzea nahi genuen guztiok. Formalki izugarri gustatu zitzaidan. Maisuki erabiltzen da narrazioa. Elementu gutxirekin, hari txikien bidez eroaten zaitu filmak. Hori da Moriartiren marka. Nik neuk ere hori bilatzen dut batzuetan. Gauza gutxirekin narrazioari eustea. Argazki aldetik ere izugarria da, Javi Agirreren lana ikusgarria da. Soinua ere maisuki landuta dago. Goi mailako lana da. Teknikoki ederra. Eta aktoreak ere oso ondo daude. Orain, filmak ez ninduen hunkitu. Hori ez. Baina pelikula erosita daukat eta berriro ikusteko asmoa daukat.

Hotza iruditu zitzaizun?

Bai, hori da, baina oso gustura ikusi nuen.

Zergatik euskarazko filmen horrelako loraldia azkeneko urteotan?

Euskaraz normaltasunez hazi eta hezi den lehen belaunaldikoak gara eta horrek izan du isla zineman ere. Ohitu gara euskaraz lan egiten eta erabaki dugu hemen, Euskal Herrian, bizi eta lan egitea. Eta, ondorioz, eduki dugu aukera gure herrian zinea euskaraz egiteko. Bestetik, ETBren eta Ibaiaren arteko harremanak eta euskal zinemaren aldeko apustuak izan du eraginik, urtero film batzuk finantzatzeko bideak eskaintzen ditu-eta.

Eta beste erakunde publikoek diruz laguntze dute?

Eusko Jaurlaritzak murriztu egin ditu diru laguntzak, baina oraindik eusten dio, eta hori ere, behar dugun guztia ez izan arren, oso ondo etorria da. Urtean hiru film egin beharrean hamar egiteko aukera egongo balitz, askoz ere hobeto, jakina!

Ze izenburu jarriko diozue filmari, Amama, Zuhaitzak erortzen?… Izan ere, filma errodatzen hasi zineten oraindik behin betiko titulua zehaztu barik…

Oraingoz, Amama da, eta, seguruen, horixe izango da azkenean. Titulua aldatzeko kezka edo gogoa izan dut filmatzen ibili naizenean, hasierako gidoia ere aldatzen joan naizelako.

Baserri giroan murgilduta dago eta baserria du ardatz pelikulak. Bukatzear dagoen bizimodua da baserrikoa?

Baserrian bizi izateko era baten, unibertso baten edo bizi izateko jarrera baten amaieran gaudela uste dut. Gure aurreko belaunaldikoekin alderatuta asko aldatu da gizartea eta bizi izateko era. Horrek ere aldaketak edo iraultza ekarri ditu baserrira. Gure aurreko belaunaldikoek, artean, oso izaera berezia zuten. Dena zuten baserrian. Hura ez zen bizi izateko etxea bakarrik, baizik eta espiritualtasuna, ekonomia… dena zen baserria. Gaur egungo belaunaldietakook hori guztia irauli dugu. Hiriarekin edo herriarekin beste harreman bat dute gaur egungo baserritarrek edo baserrian bizi diren gazteek.

Filmean bi unibertso horiek erakutsi nahi izan dituzu?

Bai, horien arteko gatazka. Batez ere, kontatzen dut zelan aitak ez duen onartzen semeak uko egitea baserriko betiko bizimoduari. Bi belaunaldiren arteko gatazka da. Azkenean, inkomunikazioaren gaineko filma da. Baserriari egiten diodan omenaldi xumea ere badela esango nuke.

Zu zeu baserrian jaio eta bizi izandakoa zara, Bergaran bizi izan zaren bitartean… Baserrikotzat duzu zeure burua?

Bai, bai. Betiko da. 18 urtera arte baserrian bizi izandakoa naiz eta herrira itzultzen naizenean han bizi izaten naiz. Nire nortasunaren parte da. Baserria instituzio moduan krisian dago. Baina azkeneko hamarkadetatik hona, nahiz eta baserriak hustu edo txalet bihurtu, esentzian geratzen da aspaldian dagoena. Katea ez da eteten.

Umorea landu izan duzu, batik bat, hainbat filmetan, umore beltza ere bai, kritika soziala eta ironia ere erabilita. Oraingoan ze aurkituko dugu?

Drama bat. Indartsua. Batzuetan akzio handia duena. Baina tonu abegikorra dauka, erraz ikus daiteke. Filmak harrapatu egiten zaitu eta une batzuetan hunkitzea ere lor dezake. Eta irudi ikusgarriak ditu.

Laster beteko dira hogei urte lehen film laburra, Txotx (1997), egin zenuenetik. Amestuko zenuke orduan mundu honetan jarraituko zenuela?

Txotx egin aurretik ere zinematik bizi nintzen. Teknikari moduan jarduna nuen pelikula askotan. Aupa Etxebeste! izan zen aurrerapausoa. Han hasi nintzen gidoilari ere. Gustatzen zaiguna egiten dugu. Bizimodua ere ateratzen dugu eta ez gara gaizki bizi, gainera. Hilabete batzuetan larriago ibiliko gara, baina pelikula bat egiterakoan izugarri disfrutatzen dut. Badator jendea atzetik ere. Belaunaldi gazteek, Aretxabaletan ikasten dihardutenek-eta, ikusiko dute bizi daitekeela zinea egitetik.

Zenbateraino da lagungarria Kimuak belaunaldi gazteendako?

Oso lagungarria da eta errentagarritasun handia ateratzen zaio, gainera; izan ere, egitasmo xumea da, berez, baina emaitza bikainak lortzen dituena. Bulego batetik bi lagunek dihardute, baina lortzen dute 60 sortzailek urtero-urtero film laburrak egitea. Luzeekin halako zerbait lortuko balitz…

Ekoiztetxe baten jabe zara: Txintxua Films. Zelan uztartzen dituzu zinegile eta enpresaburu lanak?

Egin genuen ekoiztetxea ikusi genuelako ez zegoela gure filosofiarekin bat egiten zuen beste zine ekoiztetxerik. Aupa Etxebeste! filmak sekulako arrakasta izan zuen. 75.000 lagunek ikusi zuten. Eta uste genuen ekoizleak etorriko zitzaizkigula proiektu edo ideia eske, proposamenekin… Ez zen halakorik gertatu. Horregatik animatu ginen gu, Moriartikoak animatu ziren moduan. Lana ematen du, hala ere. Gauza serioa da. Zortea izan dut Marian Fernandezekin abiatu nuelako. Oso garrantzitsua da haren lana. Nik sormen aldea jorratzen dut eta hark, bestelakoa. Amama-rekin lortu dugu guk geuk bakarrik ekoiztea filma. Soldatak-eta inbertitu ditugu. Orain etorriko da uzta jasotzeko unea. Baserritarren moduan. Ni orain une gozo samarrean nago. Filmak egiten ditut. Telmo Esnalenak eta Koldo Almandozenak ere ekoiztu ditugu…

Ze kostu dauka euskarazko film luze batek?

Milioi eta erdi edo milioi biren artean egon daiteke euskarazko film luze baten kostua.

Errekuperatzen da inbertsioa?

Bertsolari dokumentalak 16.000 ikus-entzule izan zituen zinema areto komertzialetan. Urte hartan, Espainian ez zen izan zifra hori gainditu zuen dokumentalik.

Aupa Etxebeste! estreinatu zenutela hamar urte dira aurten. Mugarria izan zen hura?
Bai, eta zifrak ere hor daude. Orduan gaur egun baino jende gehiago joaten zen zinemara, eta orain dela gutxira arte izan da ikus-entzule gehien izan dituen historiako euskarazko film luzea. Lasa eta Zabala filmak gainditu berri du.

Non dago euskarazko filmak saltzeko merkatua, hemendik kanpo?

Espero dut Amama gustatzea jendeari. Film berezia da eta uste dut ahoz ahokoak funtzionatu egingo duela hemen. Espainian zailagoa da. Hizkuntza da muga bat. Baina, bestetik, jeneralean, telebista talde handiek babesten eta finantzatzen dituzte film arrakastatsuenak, eta publizitatean, marketinean eta komunikazioan asko inbertitzen dute. Gu oso urrun gaude hortik. Nazioarteko jaialdiak dira gure laguntza. Espiritu unibertsalarekin sortutako filmak dira gureak, eta erronka izango litzateke Frantzia edo Alemaniako merkatuetara heltzea.

Beste hizkuntza batzuetara itzuli eta bikoiztuko duzue Amama?

Ez dut bikoizketa maite eta ez dugu orain arte egin, baina azken honekin, akaso, egingo dugu. Elkarrizketa gutxikoa da, eta, TVEren babesa lortzen badugu, bikoiztu egin beharko dugu, ezinbestean. 

Willy Toledoren eta Luis Tosarren laguntza izan zenuten Aupa Etxebeste!-n… Lehenengoak garesti ordaindu du ideia politikoak publiko egin izana…

Pena ematen dit ikusteak zelan dagoen adierazpen askatasunaren kontua Espainian. Patetikoa da. Egia esatea ezinezkoa da gaur egun. Eta Willy Toledok egiak baino ez ditu esan. Ez gaude estatu libre baten, eta ordaindu egin behar izan du bere ideiak defenditu eta publiko adieraztearren. Baina hari bost axola!

Egoera sozio-politikoaren eta ekonomikoaren gaineko film bat egitera ausartuko zinateke?

Egingo dut. Gidoia idazten ari naiz. Izugarria da ustelkeria dela-eta ikusten ari garena. Txintxotzat daukat nire burua, baina ez da samurra txintxoa izaten jarraitzea, ikusita boterean daudenak zelan dabiltzan lapurtzen. Baina batzuetan protestatu beharra ere badago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak