EAEko langabezia-tasa %15 da, martxo bukaeran baino 1,5 puntu gutxiago

Leire Kortabarria 2015ko uzt. 22a, 11:57

EAEko langabezia tasa %15,1 izan da ekain bukaeran, aurreko hiruhileko bukaeran baino 1,5 puntu gutxiago. Landunak 889.300 izan dira, aurrekoan baino 8.400 gehiago. Eustat erakundeak egindako inkestaren emaitzak dira. Adierazle guztiak hobetu egin dira joan den hiruhilekotik: okupazioa oro har, emakumeen eta gazteen okupazioa, kontratu mugagabeen kopurua handitu izana eta kide guztiak langabezian dituzten familia-kopurua txikitu izana.

Landunen eta langabeen bilakaeren ondorioz, jarduera-tasa %57,6 da 2015eko bigarren hiruhilekoan, aurrekoan baino  %0,4 puntu azpitik.

Emakumeei eragin die batik bat okupazio-handitzeak, aurreko hiruhilekoan baino 4.500 gehiago dira-eta; gizonen kasuan, 4.000 gehiago. Gipuzkoan 4.300 okupatu gehiago zeuden ekain bukaeran; Bizkaian, 3.400; eta Araban, 800.

Gizonen langabezia %15,8ra jaitsi da (ehuneko 0,9 puntu gutxiago); emakumeena 2,3 puntu jaitsi da eta %14,3 izan da ekain bukaeran. Gazteen langabezia-tasak altuena izaten segitzen du, %34,6; 16-24 urte bitarteko 15.800 gazte aktibo langabezian, 2015eko lehen hiruhilekoan baino ehuneko bi puntu pasa gutxiago.

Langabe-jaitsierarik handiena Bizkaian izan da (-12.100); langabezia-tasa, %16,3. Araban %16ko tasa dago; langabe kopuruan 4.800 pertsona gutxiago, 25.400 guztira. Gipuzkoan 1.100 pertsona gutxiago dira langabeak aurreko hiruhilekoaren aldean; langabezia-tasa %12,7.

Eurostat-en arabera (Europar Batasuneko Estatistika Bulegoa), 2015eko maiatzean, 28-EBko langabezia-tasa %9,6 zen, eta Espainiakoa %22,5.

Gipuzkoak, %67,3 okupatu

Landun gehiago egon da zerbitzuetan, industrian eta eraikuntzan; zerbitzuetan, 7.000 gehiago; 1.200, industrian, eta 200, eraikuntzan. Lehen sektoreak landunak galtzen jarraitzen du: oraingoan, 100 galdu ditu.

Okupazio-tasa -16tik 64 urtera bitarteko biztanleetatik landunek duten ehunekoa–, %64,6 da, aurreko hiruhilekoan baino  %1,1 gehiago. Tasa %68,2 da gizonentzat eta %60,9 emakumeentzat.

Okupazio-tasarik altuena Gipuzkoak izan du: %67,3, aurreko hiruhilekoaren aldean 1,3 puntu gehiago; %64,9 Arabak, 0,9 puntu gehiago; Bizkaiak, %62,8, ehuneko 0,9 puntu gehiago.

Kontratu mugagabeak ugaritu egin dira. Hain zuzen, 7.600 landunek lortu dute kontratu mugagabea epe horretan, denetara 520.800 izanik; aldi baterako kontratua eta kontraturik ez dutenak 188.000 izan dira, 6.100 gehiago.

Familien erdietan, denak landunak

EAEn 861.700 familia-etxe kontabilizatu dira, eta horietatik heren baten ez dago pertsona aktiborik. Erdiak pasatxotan, aktibo guztiak daude okupatuta, aurreko hiruhilekoan baino 9.900 familia-etxe gehiago; pertsona aktibo guztiak langabezian dituztenak 50.200 izan dira, 9.600 gutxiago bigarren hiruhileko honetan.

Langabeak, hau da, lan bila aritu, bilatzeko kudeaketa aktiboak egin eta gainera lanerako prest daudenak, urteko bigarren hiruhilekoan 157.700 izan dira, 18.000 gutxiago aurreko hiruhilekoan baino. Gizonezko langabeak 88.000 dira, 5.300 gutxiago. Emakumezkoen artean, 12.700 gutxiago hiruhilekoan, guztira 69.800.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak