Laboral Kutxaren arabera 2015ean %2,6 haziko da EAEren ekonomia

Txomin Madina Milikua 2015ko uzt. 16a, 14:36

Laboral Kutxak gaur aurkeztu du Euskal Ekonomiaren inguruko 2014ko txostena, eta datorren urtera begirako aurreikuspenen berri ere eman du. Hala, 2015ari dagokionez, erakundeak aurreikusten du Euskal Autonomia Erkidegok %2,6ko hazkunde tasa izango duela, eta 2016rako, %2,8koa Ohartarazi du, baina, krisi globala ez dela bukatu, eta hainbat gaik egungo egoeraren ziurgabetasuna areagotzen dutela.

Laboral Kutxako Negozio Garapeneko Zuzendari Xabier Egibarrek eta Ikerketa Departamentuko Zuzendari Joseba Madariagak goizean Bilbon egindako agerraldian azaldu dituzte Euskal Ekonomiaren inguruko 2014ko txostenaren xehetasunak.

Azaldu dutenez, iaz %1,2 egin zuen gora Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Produktu Gordinak, Nafarroakoa Foru Erkidegokoak baino hiru hamarren gutxiago eta Espainiakoak baino bi hamarren gutxiago. Langabezia tasari dagokionez, %16,3an kokatzen da EAEn, 2013an baino hiru hamarren gutxiago. Nafarroan bestalde, %15,7an dago.

Laboral Kutxatik ateratzen duten ondorioa da langabezia tasak murrizten hasi direla, baina oraindik ere onartzeko moduko balioetatik urruti daudela. Txostenean azpimarratzen dute, baita ere, eraikuntzaren sektoreak ahul jarraitzen duela, baina industriak eta zerbitzuek, aurreko bi urteetako joerari buelta emanaz, emaitza positiboak lortu zituztela 2014an.

2015ean, %2,6ko hazkundea; 2016an, %2,8koa

2015erako bestalde, aurreikuspena da EAEren BPG %2,6 handitzea; eta Nafarroako, %2,9. 2016erako bestalde, EAEko ekonomian  %2,8ko hazkundea iragarri dute.

Dena den, Laboral Kutxako ordezkariek adierazi dute krisi globala ez dela guztiz konpondu, eta egungo egoeraren ziurgabetasuna areagotzen duten hainbat gai azpimarratu dituzte: Europar Batasunean, politikarekin eta ekonomiarekin dauden tentsioak; Amerikako Estatu Batuek tasak igotzea; eta Txinako ekonomiaren azken datuak.

Gaineratu dute aldeko faktoreak direla lehengaien arrazoizko prezioak, batez ere petrolioarena; eta baita Europako Banku Zentralaren diru-politika lasaiak ekarri duen euroaren balio-galera ere.

Iragarri dute, era berean,  susperraldi ekonomikoak luze joko duela, eta garrantzitsuena epe ertainean hazteko gaitasuna dela. Hazkunde hori ahalbideratzeko, indarrak produktibitatean jarri behar direla gaineratu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak