Mikel Lasak ezuste ederra hartu zuen duela bi hilabete, Mediterraneoan egin behar zuen distantzia luzeko triatloia bertan behera geratu zenean: "Burura etorri zitzaidan lehenengo gauza etxekoak izan ziren. Horrenbeste entrenatzeko eman didaten aukerarekin, eta bertan behera geratu behar zen ametsa". Hala, entrenamenduak beste bi hilabetez luzatu eta Gasteizen eman zuen izena: "Esango nuke maiatzean baino hobeto nagoela, baina dagoeneko proba egiteko deseatzen nago, eta atseden hartzeko". Izan ere, ironman bat entrenatzeko egin beharreko lanak, datutan, beldurra ematen du: "Azaroan hasi nintzen prestatzen, eta bizikletan badakit 8.000 kilometro egin ditudala, eta korrika 1.000 kilometro. Igeri, berriz, 650 kilometro inguru egingo nituen".
Arkaitz Arregik, berriz, beste modu batera zenbatu ditu entrenamenduak: "Astean 20 ordu eskaini dizkiot ironmana prestatzeari, eta bai, asko da. Nik ez dut semea-alabarik, eta neskalagunaz ondo moldatzen naiz, baina familia dutenek...". Arregiren erronka, baina, lanean zegoen, gimnasio batean lan egiteak eragina duelako entrenamenduetan: "Pentsa, egurra hartu ostean spinningeko eskolak eman behar badituzu [Barre]".
Iban Agirrebeñak, ostera, inoiz baino denbora gutxiago eskaini dio loari: "Familiari denbora ahalik eta gutxien kentzen ahalegindu naiz, eta umeak eskolan zeudenean entrenatu dut, eta lana gauez egin". Paradoxikoki, Bergarakoak egiten duen lehenengo triatloia distantzia luzekoa izango da: "Maratoi asko egin dut, duatloiak, bizikleta martxak... Baina triatloiak hau izango da lehenengoa. Eta aurreikusi moduan, halako proba baten zailtasuna entrenamendu saioetan dago, ordu asko dira, eta nekagarria egiten da".
Asier Barrainkuak, ostera, esperientzia handiagoa du, haren bigarren ironmana izango da-eta. Hark hamasei urte daramatza triatloiak egiten eta dio triatloietan diharduenaren progresio normalena ironmana egitea dela. "Distantzia mitikoa da eta askorendako lor ez daitekeen helburua. Pertsonalki erronka bat da niretako, dedikazio handia eskatzen du, batez ere, azken sei hilabeteetan". Hala, hilaren 12an badaki sufritu egingo duela: "Azkenaldian gerriko minaz nabil, eta gogoan dut korrikako azken zatia oso gogorra egin zitzaidala". Guztiek dute garbi sufritu egingo dutela, edonor ez da finisher.
Proba barrutik bizitzeko aukera
Gasteizko triatloia ondo antolatu ahal izateko boluntario asko behar dituzte, eta antolatzaileek lasterketa barrutik bizi ahal izateko deialdia egin dute, baita Debagoienean ere: "Bizi dezatela triatloia barru barrutik eta izan daitezela protagonista. Boluntario izateko eskaera bete beharko dute Vitoria-Gasteizko triatloiaren webgunean dagoen fitxategia beteta, eta opari gisa poltsa, kamiseta eta bisera eskuratuko dituzte".
Autobusak Landara joateko
Antolatzaileek autobus zerbitzua jarri dute Debagoienetik Landara joateko, ikusle eta senitartekoei zuzenduta. Kontutan izan Landako eta Garaioko eremuak egun horretan trafikora itxi egingo dituztela, eta ikusleei samurtasunak jarri nahi dizkiete triatloia ikustera joateko. Autobusak 7:15ean abiatuko dira Arrasatetik (Garibain), eta Aretxabaletan (Azben) eta Eskoriatzan (Eduardo Gorosarrin) egingo ditu geldiuneak.