Gipuzkoako foru gobernu berriak lurraldea "atzera eta eskumara" eraman nahi duela salatu du EH Bilduk

Eneko Azkarate Laspiur 2015ko eka. 29a, 18:38
Beola eta Olano prentsaren aurrean egindako agerraldian.

EAJk eta PSE-EEk osatutako foru gobernu berriak "Gipuzkoa atzera eta eskuinera" eraman nahi duela salatu du EH Bilduk, "elite pribilegiatuen interesak eta makro-proiektu zaharrak berriro ekarriz Foru Aldundira". Bi alderdiek iragarri duten akordio programatikoaren arabera, Fortunen Gaineko zergaren erreformaren bitartez "aberatsenen mesedetara jarriko dute fiskalitatea" eta egoitzetako emakume langileen lan eskubideak "ez dituzte babestuko". Gainera, Diputatuen Kontseiluko egitura handitu dute "gastu publikoa igoz". Hori guztia salatu EH Bilduk ohar bidez.

Xabier Olano eta Ainhoa Beola EH Bilduko bozeramaileek foru gobernu berriaren egitura eta akordio programatikoa "kezkagarriak" direla esan dute.

Beolaren hitzetan, "elite pribilegiatuen interesak Diputaziora bueltatuko dira foru gobernu berriaren eskutik. Fortunen Gaineko zerga berregingo dute, aberatsenen mesedetara jarriz herrialdeko fiskalitatea".
Gizarte Politikari dagokionez, egoitzetako emakume langileak "alde batera laga" eta Adegi patronalaren aurrean "bakarrik" utziko dituztela esan dute. "Argi dugu gizarte zerbitzu publikoak Diputazioaren ardura direla, eta herritarrei zainketa duinak bermatzeko, emakume zaintzaileek lan baldintzak duinak izan behar dituzte. Kontrakoak, hau da, prekarietateak, zerbitzu publikoen kalitatea kaltetzen du".

Gainera, foru gobernu berriak, "makro-proiektu zaharretan zentratzen" du bere politika, esan dute; Hondarribiko aireportua, AHTa, errauste planta... "Ez dute ezer berririk jarri mahai gainean. Eliteak pribilegiatu, makro-proiektuetan dirua xahutu, langileak eta gazteak prekarizatu. Hau da, krisira ekarri gaituzten errezeta eta patroi berdinak errepikatu. Gizartearen desberdintasunetan sakontzen duen eredu neoliberala, atzerakoia eta eskuindarra", adierazi du Ainhoa Beolak.

Foru gobernuaren egitura

EAJ eta PSE-EEren arteko akordio programatikoaz gain, foru gobernu berriaren egitura ere baloratu du Xabier Olanok. Alderdi jeltzalearen seik eta alderdi sozialistaren hiruk osatuko dute bederatzi diputaturen taldea. "Egitura handitu dute departamentu berri batekin, horrek dakarren gain-kostuarekin". Olanok esan du ez zela beharrezkoa Diputatuen Kontseiluko egitura handitzea. "Zeri erantzuten dio honek" galdetu du.

Era berean, salatu du parte-hartzea eta Berdintasuna Diputatu nagusiaren kabinetetik kanpo laga dituztela. "Aurreko gobernuan izan zuten pisu espezifikoa galdu dute" adierazi du.

Honetaz gain, Xabier Olanoren hitzetan, "deigarria" da Kutxabankeko goi kargu bat egotea Diputatuen Kontseiluan, Ogasuneko diputatua, alegia: "Jakin nahi dugu Kutxabankeko gaien inguruan izango duen jarrera, abstenituko ote den, nola beteko du kargu publiko batek izan behar duen erantzukizuna modu arduratsu batean, interes publikoaren defentsa banka pribatuaren interesen aurrean... Dagozkion agerraldiak eskatuko ditugu Batzar Nagusietan gauzak argitzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak