Pozik hartu du kargua azken legealdian Bergarako EAJren zinegotzietako bat, eta bide azpiegituretako gaietan EAJren bozeramaile izan den Gipuzkoako batzarkideak. Arduraz ere bai, Goienari emandako lehen berbetan adierazten duen moduan:
Pozik hartu duzu kargua?
Bai. Egia esan behin erabakia hartuta, ardurarekin, ardura handia delako halako kargua hartzea, baina bai pozik nago.
Ezustekoa izan da zuretzat?
Ba egia esateko ezuste handia izan da. Nik nire bide profesionalean zentratuta neukan nire ibilbidea, eta ja lagata neuzkan Batzar Nagusiak, Bergarako Udala eta abar, eta ez neukan asmorik kargu publikoetan jarraitzeko. Eta ez nuen espero, ezta ere, niri halako eskaintza egingo zidatenik.
Ze lehentasun dituzue buruan?
Debagoiendar bezala, nire lehen lehentasuna izango da Deskarga behin betiko bukatzea, eta orain dauden arrisku guztiak ekidin eta gauzak behar bezala egitea. Gero izango dira beste batzuk, baina lehena Deskarga izango da.
Orain zabalik dagoen prozeduraren arabera, urte amaieran lizitatu beharko litzateke obra hori; zein da zuen asmoa?
Ikusiko dugu. Oraintxe hartu dut kargua eta sartu, departamentua ikusi, jendearekin egon, paperak aztertu… eta gainontzekoak. Oraindik ez dugu informazio hori jasotzeko aukerarik ere izan. Beraz, lehenengo aztertu eta gero hartuko ditugu erabakiak, baina hori bai, erabakiak hartu egingo ditugu.
Bidesariei dagokienean zer, bertatik pasatzeko ordaindu egin beharko da halakorik?
Guk beti esan dugu beti Deskargako autobide berri horretan bidesaria egon egin beharko lukeela, berez, horrela dagoelako aurreikusita hasieratik plan finantzarioarekin. Nolakoa izango den erabakitzeke dago, baina horrelako autobideetan ordaintzen den moduan, hor ere izango da, bai.