Gainerako enpresek baino enplegu gutxiago suntsitu dute kooperatibek

Leire Kortabarria 2015ko eka. 23a, 12:53
Juan Antonio Pedreño (eskuman), Cocetako presidentea.

Enpresa kooperatiboak goraldian daude. Hori da Cocetak, Espainiako Lan Elkartuko Kooperatiben Konfederazioak egin duen batzar orokorretik atera daitekeen ondorioa. Krisian, kooperatibek gainerako enpresa-formulek baino enplegu gutxiago suntsitu dute; 10 puntu gutxiago, Cocetaren arabera.

Hego Euskal Herrian eta Espainian 17.000 kooperatiba baino gehiago daude, 230.000 bazkide baino gehiago dituzte eta 35.000 milioi euro baino gehiago fakturatzen dituzte.

Cocetako presidente Juan Antonio Pedreñok esan duenez, enplegu gutxien galdu duten udalerriek jarduera kooperatibo handia dutenak izan dira.

Batzarrean emandako datuen arabera, gainera, kooperatiben bizi-iraupena handitu egin da 2007tik 2014ra bitartean. Garai berean, 250 langile baino gehiago dituzten kooperatiben kopurua handitu egin da: %22 izatetik %31,8 izatera pasa dira.
Lan-kooperatibetan, 10 lanpostutik zortzi mugagabeak dira, eta %81, lan-jardun osokoak. Emakumeak dira langileen ia erdiak, eta 39 urte baino gutxiago dituzte langileen %43k. Bestalde, kooperatibetan errazago dute lan egiten hastea zailtasunak dituzten pertsonek.

Hainbat mahai-inguru egin ziren segidan. Horietako baten, berreskuratu diren enpresen gainean hitz egin zuten. Kooperatiba bihurtu diren enpresa mota asko daude; batetik, porrot egin duten eta langileen esku geratu diren enpresak; krisi batetik datozenak, eta porrot egin aurretik, jabeek langileei kooperatiba egitea proposatzen dietenak; ugazabek eta langileek batera berpizten dituzten enpresak; ugazaba erretiratu eta enpresa langileei saltzen dieten kasuak; eta ERE masiboetatik datozenak.
Miquel Ruiz parte-hartzaileak esan zuenez, "administrazio publikoek ardura bat" dute eredu kooperatiboa zabaltzen, eta administrazioei eskatu zien kooperatibizazio prozesuak bultzatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak