Zabalik daude ekintzaileendako hainbat laguntza programa

Leire Kortabarria 2015ko eka. 22a, 17:09

Foru Aldundiak joan den astean iragarri zuen 9,5 milioi euro ipiniko zituela lehiakortasuna eta ekintzailetza bultzatzeko. Txekin, Txekintek, Barnetekin eta Emekin programen bitartez gorpuzten da laguntza hori.

Txekin programarako deialdia berritu du Foru Aldundiak. Negozio ideia berriei bultzada emateko da Txekin; proiektuak definitu eta zehazteko beharko duten aholkua emanez, enpresa sortzen lagundu nahi da. Zehazki, Negoziaren Bideragarritasun Plana egiten du, enpresa abian jartzeko behar den finantzazioa aurkitzen laguntzeko ekintzaileari; eta enpresa sortzeko erabakia hartzen denean, Laguntza Administratiboa izeneko zerbitzua eskaintzen du, tramite burokratiko guztiak enpresa batek bakarrik egin ditzan.

Txekin programarako eskaerak Mankomunitateko Garapen Agentzian egin daitezke.

Txekintek programa Txekinen antzekoa da, baina industriako edo industriari lotutako zerbitzuen eremuko proiektuei eta oinarri teknologikoa edo berritzailea duten proiektuei laguntzeko da. Foru Aldundiaren esanetan, horrelako proiektuek "merkatuko ziurgabetasuna dute etsai", eta merkatu prospekzioen kostuak, ferietarako bidaiak, hornitzaile eta bezero izan daitezkeenekin kontaktuak, prototipoak egitea, prestakuntza teknikoa… dira ziurgabetasun faktore batzuk. Txekintek programarako eskaerak, Debagoienaren kasuan, Saiolanen egin daitezke; izan ere, mota horretako enpresei sortu aurreko laguntza emateko homologatutako enpresa bakarrak Gipuzkoako Enpresa eta Berrikuntzako Zentroak dira.

Barnetekin da beste laguntza programa bat. Hori ere industria esparrurako da. Enpresen barruan ekintzailetza laguntzea da helburua, enpresa-proiektu berriak sortzeko.

Emekin programa emakumeei zuzenduta dago. Emakumeek sustatutako enpresa-proiektuak bultzatuz, enplegua sortzen laguntzea da helburua. Horretarako, enpresa bat sortzeko prozesuan lagunduko duen sistema integral berri era pertsonalizatua antolatzen du. Proiektuek bi baldintza nagusi bete behar dituzte: Enplegurako Tokiko Ekimentzat jotako proiektuak izan behar dute; eta 10 langile baino gutxiago izan behar dute.

Kasu gehienetan, Ekintzailetasunaren Kreditu Birtuala eskatzeko aukera ematen zaio ekintzaileari, Foru Aldundiak homologatutako enpresa bat aukeratu eta hari bere zerbitzuarengatik ordaintzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak