Ainhoa Aznarez Igartza: "Pasioz eta pazientziaz egingo ditugu gauzak"

Eneko Azkarate 2015ko eka. 23a, 06:00

Debagoienean jatorria duten Ainhoa Aznarez eta Koldo Martinez protagonista dira azkeneko egunotan, Nafarroako Parlamentuaren osaketa dela-eta. Ainhoa Aznarez da Nafarroako Parlamentuko presidente berria (Ahal Dugu). 44 urte ditu eta Iruñearra da sortzez, baina lau urtera arte Antzuolan bizi izan zen, amama Martinarekin, ama antzuolarra du-eta. Bestetik, Eskoriatzan jaio eta gaztaroan Arrasaten bizi izandako Koldo Martinezek (Geroa Bai) adin mahaia osatu zuen, parlamentari adinez nagusiena izanik. Aznarezek erantzun dio Goienaren deiari.

Arrakastatsu moduan hartu behar ditugu Ahal Duguren emaitzak Nafarroan?
Bai, bai, jakina. Ezerezetik zazpi parlamentari lortu ditugu. Indartsu sartu gara Parlamentuan. Honek denak irudikatzen du aldaketa. Ezkerrerantz eta modu zeharkakoan egin nahiko genuke. Parlamentuko presidentea Ahal Dugurena izatea negoziazio baten emaitza izan da.

Feminista, euskalduna eta errepublikanoa. Ezagun egin dituzu hiru berbok, aurkezpen gutun modukoa egiterakoan.
Azkeneko 40 urteotan UPNko eta PSNko presidenteak izan ditugu Nafarroako Parlamentuan. Orain, beste une historiko baten gaude. Ezin dezakegu hori pikutara bota. Ahaleginduko gara ilusio apar horri eusten eta frustraziorik ez sortzen. Hiru berba horiek definitzen dute nire burua, egia da. Aldarrikapen horiek guztiak nire egiten ditut. Giza mugimenduetan aritu naiz beti horien alde.

Eta antzuolarra...
Ama Anparoren eta amama Martinaren familiaren partetik, antzuolarra, bai. Iruñean jaio nintzen, aita Melidakoa zen-eta, Nafarroako Erriberakoa. Baina aita gaixotu egin zen eta amamarenera bidali ninduten Antzuolara. Antzuolan bizi izan nintzen 4 urtera arte. Iruñera itzuli nintzenean ikasi nuen gaztelania. Antzuolako ikastolan Maria Eugeniarekin [Irazabal] ibili nintzen.

Sarri joaten zara, gainera, Antzuolara. Euskarazko berbeta ere Antzuolakoa duzu.
Bai, esan dudan moduan, San Fermin Ikastolan, Iruñean, ekin nionean hasi nintzen gaztelaniaz ikasten. Ordura arte ez nekien. Euskara da nire ama hizkuntza, Antzuolako euskara.

Aurki jai nagusiak Antzuolan. Bertan ikusiko zaitugu?
Bai, oso gustuko ditut eta aurten ere joateko asmoa dut.

Lehenago, ordea, sanferminak. Oso San Fermin zalea ei zara.
Mundialak dira, baina Antzuolakoak ere bai, e… Erosoago sentitzen naiz Antzuolako jaietan, maitekoago ditut. Iruñera jende piloa etortzen da kanpotik eta neurrigabekeria ere gertatzen da. Gure etxea bihurtzen da ostatu. Bazter guztietatik etortzen da jendea. Nire senarraren [Iñaki Arteaga] lagunak ere asko. Real Madrilen aritu zen eta orduko taldekideak-eta etortzen dira. Jatorduak gertatu, arropak garbitu… Zoramena izaten da. Aurten itxi egingo dut ostatua, sanferminengatik… bestela, ezinezkoa izango zait-eta ardura guztiei erantzutea.

Protokoloak aginduta, konpromisoei erantzun beharko diezu?
Bai, baina gauzak aldatzeko daude eta protokoloa ere aldatuko dugu. Ez daukagu zertan toki guztietara joan. Hori aldatu nahi dugu. Gainera, Parlamentuko mahaiaren presidentea naiz, baina mahaiko beste kide batzuk ere badaude. Denon artean banatuko ditugu ardurak. Unai Ugalde (Geroa Bai), Maiorga Ramirez (EH Bildu)… Ez naiz oso presidentzialista izango.

Riau-riauarekin zer?
Joseba Asiron Iruñeko alkate berriak berreskuratzeko asmoa azaldu du. Ikusiko dugu. Beste kontu batek ere arduratzen nau eta da azkeneko urteotan zela azaleratu diren sanferminetan emakumeen kontrako eraso sexualak. Alkatearekin neurri bereziak adostu nahi ditugu. Emakumeek sanferminetan libre bizi daitezela ahalbidetzea lortu behar dugu.

Gustuko dituzu zezenak?
Sanferminetan adarrak nonahi. Kulturaren parte da. Zezenketak eta animalien sufrimendu hori ez ditut gustuko, ordea: tristura, mina, eragiten didate. Bestelakoa da zezenketak peñen artean bizitzea. Jai giroan murgiltzea gustuko dut. Antzuolako lehengusuekin batera murgildu izan gara peñen artean.

Zelan daroazu Nafarroako bigarren agintaria izatea?
Ohitzen noa. Duela hiru urte eskas aurkeztu nuen Nafarroako Parlamentuan Errepublikaren aldeko mozioa. Herritarrei aukeratzeko eskubidea aitortzea aldarrikatzen genuen, erreferendumaren bidez. Orduko presidente Alberto Catalanek [UPN] bota egin ninduen Parlamentutik, Errepublikako bandera hiru kolorekoa aireratzearren. Agintaldia amaitu arte berriro Parlamentuan sartzea galarazi zigun. Eta lehengo egunean, eguaztenean, presidente izendatu nindutenean gogorarazi egin nion pasarte hura eta esan nion: "Alberto, sartu naiz eta, gainera, presidente moduan". Parlamentuko araudia ipini zidan aitzakia moduan. Araudi hori aldatu egin nahi dugu nafar herritarrei irekitzeko Parlamentuko ateak, eta ahotsik ez duten kolektiboei hitza emateko. Gauzak beste era batera egin nahi ditugu. Lehengo egunean batzartu nintzen Parlamentuko langileekin eta esan zidaten lehen aldia zela presidente bat haiekin batzartzen zena…

Zelan hartu dute izendapena Ahal Duguko Espainiako zure alderdikideek?
Espainian Podemoseko beste inork ez dauka nik daukadan kargu maila, Balear uharteetako presidenteak [Xelo Huertas] izan ezik. Hura ere Podemosekoa da. Alderdikideek ondo hartu dute, ikusi dutelako lan handia egin dugula eta aldaketarako indar erreferentziazkoa izan garelako. Herritarrek aintzat hartu gaituzte eta gure ardura da horri erantzukizunez erantzutea.

Berba egin duzu Pablo Iglesiasekin?
Ez, oraindik ez.

Historikoa da Nafarroan gertatzen ari dena: Uxue Barkos izango da Nafarroako presidentea, Joseba Asiron Iruñeko alkate da, biak ere euskaltzale eta abertzaleak, eta zu zeu Parlamentuko buru. Hirurak ere euskal hiztunak… Bertigorik eragiten dizuete horrek?
Batzuei, agian bai; guri ez, ezta aspaldiko laguna dudan Uxue Barkosi ere. Lanean jardun dugu, besteak beste, ETAren terrorismoa desagerrarazteko; izan ere, terrorismo mota asko dago: frankismoarena, banketxeena, matxista… Uxue Barkosek primeran egingo du, Nafarroako Gobernuko presidente izendatzea lortzen badugu; Joseba Asironek ere bai; Eneko Larrarte [Ezkerra] Tuterako alkate berriak ere bai… Masa kritiko bat daukagu atzean, laguntzen, eta gauzak ondo egingo ditugula uste dut. Pasioz egin beharko dugu.

Eta pazientziaz, astiro?
Gauzak ondo egiteaz gain, ondo gabiltzala komunikatu beharko dugu. Alderdiekin lan egin behar dugu, eskuzabaltasunez, adostasunez. Jende normala gara, kalekoa, erakundeetara heltzea lortu duena.

PSNko zinegotzi izan zinen, baina ez zenuen ondo amaitu sozialista nafarrekin. Zergatik?
Ikusi nuen, bai 2007an eta baita 2014an ere, herritarren aldaketarako nahi hori frustratu zuela PSNk. Madrildik inposatuta etorri zen erabakia. Hori ez nuen ulertu. Alderdi Sozialista nafarreko militanteoi zegokigun erabakitzea, baina ezin izan genuen hala egin. Joatea erabaki nuen, alderdiaren txartela utzi eta isiltasunez. Apurka-apurka Ahal Duguko jendearekin harremanetan hasi nintzen. Laura Perez Ruano Ahal Duguren Nafarroako idazkari nagusia ezagutzen nuen lehendik, kaleko giza mugimenduetatik-eta.

Erabakitzeko eskubidearen aldeko zara?
Gure Esku Dagoren ekintzetan parte hartu dut. Harreman oso ona daukat Zelai Nikolasekin, esaterako. Baina esparru guztietan defenditzen dut erabakitzeko eskubidea. Demokrazia zuzenean sinisten dut. Mozal Legea, Abortuaren Kontrako Legearen Berrikuspena… horien aurka nago. Iaz parte hartu nuen Gure Esku Dagoren giza katean; aurten ezin izan dut. Bihotzez bat egin dut, baina Nafarroako Gobernuaren osaketaren gaineko programarekin gabiltza buru-belarri eta ezin izan dut parte hartu.

Sare sozialak asko erabiltzekoa zara. Bertan utzi duzu arrastoa zure pentsatzeko moduaren gainean. Arazorik sortu dizu horrek?
Kontuz ibli beharra dago, baina modu perbertsoan ari dira batzuk erabiltzen Twitterren-eta idatzitakoa. Denok daukagu iragan bat. Herritar soila naiz. Emozioak ditut… Oraingo egunotan bolo-bolo dabil garagardo-kañak ateratzeko txorrotatik edaten ageri naizen argazkia. Neuk atera nuen, baina badauka azalpen bat. Lagun baten taberna berritzen ibili ginen egunetan: pintatzen, altzari berriak jartzen… Garagardo-kañak ateratzerik ez genuen lortzen, ordea, eta muturra kanilara hurbildu nuenean atera zen garagardo aparra… Maltzurkeriaz erabili dute batzuek irudi hori. Baina hori bada guztia, gaitz erdi. Punicaren, Andaluziako enplegu-erregulazioko espedienteen, Gurtelen edo paradisu fiskalen kutxak ikusi nahiko nituzke. Nirea edo Guillermo Zapata Madrilgo Podemoseko zinegotziarena txikikeriak dira beste horien aldean.

Irakaslea zara lanbidez.
Bai, euskara irakaslea, eta hezkuntzako zerrendetan izena emanda banengoen. Jardun nuen irakaskuntzan urte batzuetan, baina, PSNko zinegotzi nintzela-eta, utzi egin beharra izan nuen eta zerrendetatik kanpo geratu nintzen. Nafarroako Parlamentuko langileei eman nien euskarazko eskolak. Iruñean, Zangozan, Artaxoan… ere aritu nintzen hango eskoletan. Bestalde, azkeneko urteotan, PSN utzi nuenetik, Volkswagenen aritu naiz, oso modu prekarioan, egunean hiru orduz lan egiten katean. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak