Koldo Irurtzun: "Kirol elkarteak arduratuta daude ikuskaritza kontrolen ondorioekin"

Mireia Bikuña 2015ko eka. 19a, 14:00

Klubetan eta oinarrizko kirolean entrenatzaile lanetan diharduten pertsonen lan egoeraren gaineko berbaldia egin zuen Koldo Irurtzunek Aretxabaletan. Lan eta Gizarte Segurantzaren ikuskaritzek harrobia zaintzen duten elkarteetan izan dezaketen eraginaz egin zien berba bailarako kirol teknikariei eta kirol elkarteetako ordezkariei.

Katalunian hasitako ikuskapenek egundoko egonezina sortu dute kirol elkarteetan. Baina ikuskapenak arautzen dituen legea ez da berria. 

1980an onartutako legea da eta ordutik dago indarrean, baina orain hasi dira zorroztasunez aplikatzen.

Ardura horren jatorria duela urtebete Lan eta Gizarte Segurantzako ikuskatzaileek martxan ipinitako ikuskapenetan dago. EAEko ikastetxeetan egiten diren kiroletako eskolaz kanpoko jarduerak aztertzen hasi ziren.

Eta zer antzeman zuten ikuskapen haietan?

Gehienbat, boluntario figura izan, baina bestelako hartu-emana zuten pertsonak zeudela hainbat kirol elkartetan. Legearen arabera, elkarteari zerbitzua ematen dieten pertsonek kontratuarekin eta Gizarte Segurantzarekin egon behar dute. 

Kirol elkarteetako arduradunek ez dakite nola kudeatu euren egituretan zerbitzua ematen duten pertsonekiko harremana. Gehienek boluntario gisa dihardute, baina ez dakite non dagoen boluntario izatearen muga.

Orduan, boluntario horiei guztiei lan-kontratua egin behar zaie?

Legez bai. Mota bateko edo besteko kontratua edo akordioa sinatu behar da boluntarioekin.

Lege hori zorrotz aplikatzen bada, asko igoko da elkarteen aurrekontua.

Batez ere, Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kostua igoko da gehien. Eta puntu horretan sortu da kezka handiena: gain-kostu hori nola estali.

Adibidez, Vilanova i la Geltruko elkarte baten ikuskaritza egin eta 122 boluntario zeudela ikusi zuten. Horiei guztiei lan-kontratua egin behar badiete...

Aurrekontu igoera horrek zer-nolako eraginak izan ditzake?

Kirol elkarte gehienak miseria gorrian daude. Kinka larrian eta urteroko aurrekontua estaltzeko mirariak egiten. Halako aurrekontu igoerak ez die lagunduko. Bateren batek, akaso, ateak itxi beharko ditu.

Etorkizuneko aurreikuspena ez da ona, baina iraganekoa ere ez. Elkarte xumeek diru gutxi izatearen arazoa kirol arduradunei eta agintariei dagokie. Dirua soberan dagoenean, elkarte handiei ematen diete laguntza, eta ez txikiei edo benetan merezi eta behar dutenei.

Egoera horren aurrean, nola joka dezakete kirol elkarteek?

Zuhurtziaz jokatu beharko dute, eta jakinda zein kontratu mota dauden, nolako pizgarriak eta kenkariak dituzten. Hau da, lan-kontratuak egin behar badituzte, legezkoak izan daitezela, baina, era berean, ahalik eta merkeenak. Gure lana baliabideak ematea izango da.

Kirol elkarte bateko boluntarioak boluntario izaten jarraituko du. Ordainsariak tarteko daudenean, egoera aldatu egiten da: orduan, lan-harremana dago eta erregularizatu egin behar dira.

Eta bide horretan laguntzeko hitzaldiak egiten diharduzue.

Inplikatuta dauden elkarteak urduri eta kezkatuta ikusi ditugu. Hori horrela, Kirolaren Euskal Eskolaren eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundien eskutik hitzaldi sortu egingo dugu. Batetik, legeak dioena azalduko dugu; eta bestetik, parte-hartzaileek dituzten kezkak komentatuko ditugu.

Gainera, eskuliburu bat landu dugu erakundeen eta pertsonen artean sortzen diren harremanak ondo kudeatu gura dituztenendako. Gure asmoa azalpenak ematea da: kirol erakundeek zein motatako neurriak, lan-kontratuak eta akordioak har ditzaketen.

Ze puntutan daude ikuskaritzak?

Kalean eta gizartean sortu den kezkaren eta protesta dinamikaren harira, Lan eta Gizarte Segurantzaren kontrolak baretu egin dira. Baina kirolariek denuntziaren bat ipintzen badute, orduan, ikuskaritzak bere bidea hasi eta ikertu egin beharko du.

Zenbat lagunengan izan dezake eragina ikuskaritzak?

Milaka lagunengan. Kirol elkarteetan eta erakundeetan boluntario asko dago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak