Zailtasun gainetik, "galera barik" amaitu du urtea Goiena Komunikazio Taldeak

Eneko Azkarate 2015ko eka. 19a, 07:00

"Urte zaila izan da 2014koa, aurreikuspenak ez zirelako onak, baina etxe barruan egindako ahaleginagatik eta hausnarketaren ondotik hartu diren neurriengatik urtea galera barik amaitzea lortu dugu". Iban Arantzabal Goiena Komunikazio Taldeko zuzendari nagusiaren berbak dira. Taldeak atzo, eguena, Arrasaten egindako batzar orokorrean emandako azalpenetik ateratakoak.

Iazko kontuak, aurtengorako aurreikuspenak eta kudeaketa plana errepasatu zituzten Iban Arantzabalek eta taldeko presidente Aitor Izagirrek, Goienako bazkideen ordezkarien aurrean: euskara elkarteak, udalak eta lan bazkideak. Eta guztien oniritziarekin onartu ziren kontuak.

Aldaketa urtea

Aldaketa urtea izan da iazkoa Goienarendako, egoera ekonomikoak behartuta, batetik, eta eskaintza gaur egungo kontsumo behar eta joerei eguneratzeko, bestetik. Hala, Asteleheneko Goiena paperekoaren ordez, Puntua aldizkaria argitaratzeari ekin dio aurtengo urte hasieratik. Hamaika urtez argitaratu da Asteleheneko Goiena eta "helburuak bete" dituela uste du Goienaren zuzendaritzak. Baina, GOIENA.EUS-ek sorreratik gaur egunera arte izan duen bilakaera etengabea ikusita, bestelako produktu bat eskaintzeko erronka bota zion lan taldeari eta Puntua da emaitza.

Audientzia datu onak

Bestalde, asteburuko lan taldea optimizatu egin da, asteburuko ekitaldien bideoak berehala sareratzeko ahalegin berezia egin da eta horrek guztiak emaitzetan izan du eraginik: "GOIENA.EUS-ek gorakada nabarmena izan du, batez ere asteburuan, eta, bestalde, Puntua aldizkaria argitaratzeaz bat, Goiena Klubeko bazkide berriak egin dira" dio Arantzabalek. Bazkide berriak egiteko eta Goiena marka indartzeko ahalegin berezia egin da, gainera, azkeneko hilabeteetan, lan taldearen partetik, bereziki, eta horrek ere izan ditu fruituak. CIES erakundearen azken neurketak ere irakurle eta bezeroen onespena baieztatzen du: %20ko igoera izan du Goienaren paperekoak irakurleei dagokienean.

Aldaketarekin, gainera, gastuak murriztea lortu da. Papereko bi produktuak egun bakarrean banatuz eta asteburuko lan produkzioa gutxituz.

2015: gastuei "eusten" jarraitu

Arantzabalek eta Izagirrek, bestalde, 2015eko kontuak eta kudeaketa plana aurreratu zituzten bazkideen aurrean. "Badirudi eguzki izpiren bat ikus daitekeela, baina gure eskualdean eta baita gure sektorean ere kostako da berriz lehengo egoeretara bueltatzea. Uste dugu galera txiki batzuekin amaitzen badugu urtea ez dela gaizki egongo. Saiatuko gara, jakina, orekatua izan dadin emaitza. Horrelaxe egin dugu aurrekontua. Gastuei eusten jarraitzeko sasoia da eta baita pertsonalean uzkur ibiltzekoa ere" esan zuen Arantzabalek.

Kluba indartzeko; Goiena marka gizarteratzeko; Goienako hedabideen kalitatea hobetzeko; barruko antolaketa efizienteago egiteko; hedabideak herritarrekin batera egiteko Komunitatearen bidez, edota sektorearekin batera (Tokikom eta Hekimen) solaskidetza eraginkorrerako hainbat neurri zerrendatu zituzten Goienako presidenteak eta zuzendari nagusiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak