Orain dela sei urte gertatu zuten B gidabaimenaren material guztia Debagoieneko Mankomunitateko kideek, eta ordutik hona eguneratzen joan dira: "Eguneraketa batzuk egin dira bai eskuliburuan eta bai testetan, hala ere ez nahi beste. Hitz teknikoen hiztegi bat ere egin genuen eta gure autoeskolen esku jarri. Dena dela honi guztiari beste bultzada bat emateko asmoa badugu", jakinarazi du Amaia Axpek, Mankomunitateko euskara teknikariak.
Ikasle kopuruaren datu zehatzik ez daukate: "Zerotik hasi ginen eta joera goranzkoa da, bai Debagoienean eta bai Euskal Herri osoan. Garrantzitsuena da aukera dagoela eta gainera asko direla aukera hori egiten duten gazteak", dio Axpek. Hainbat Udalek diruz saritzen dituzte –zozketa bidez– gidabaimena euskaraz ateratzen dituzten ikasleak; Eskoriatzak, Aretxabaletak, Arrasatek eta Oñatik, esaterako. Horren arrazoia azaldu du Axpek: "Ez da normalizatuta dagoen zerbait, beraz oraindik ere laguntzak ematea ezinbestekoa da, bai ikasleak animatzeko eta bai autoeskolak animatzeko".
Autoeskola gehienetan
Euskarazko materiala Debagoieneko autoeskola gehienetan daukate. Hona: Eskoriatzan eta Aretxabaletan: Solozabal; Arrasaten: Leniz, Peñakoba, Telleria eta Arrasate; Oñatin: Peñakoba eta Aloña; eta Bergaran: Larrañaga eta Urresgoi. "Gainera batzuetan nahiz eta irakasleak euskaldunak ez izan ikasleak animatzen dituzte teorikoa euskaraz prestatzera", jakinarazi du Axpek.
Teorikoaz gain praktikoa ere euskaraz egin ahal izatea da orain erronka: "Trafikoren konpetentzia da hori eta zailtasunak daude horrekin, nahiz eta aztertzaile euskaldunen bat badagoen. Gure helburua da hori ere aldatzea, eta horretan ari gara".