La distribución alimentaria hoy día. Una mirada desde Eroski izeneko hitzaldia egin zuen atzo, eguena, Markaidek, Deusto Business Alumnik antolatuta, eta bertan eta hitzaldiaren ondoren kazetariek egindako galderei erantzunez egin zituen adierazpen horiek. EFE agentziak bildu du informazioa.
Aliantza politika horretaz galdetuta, Markaidek esan du erosketa kapituluan antzeman dituzten ahuleziak konpondu nahi dituztela. Gaineratu zuenez, aliantza horiek "ez dute zertan desberdinak izan" gaur egun kooperatibak nazioartean dituen aliantzetatik, baina ez zuen zehaztu zeinekin aliatuko litzatekeen Eroski.
Gaur egun, elikadura banaketa azpisektorean Frantzian lider den Supermarche eta Alemanian lider den Edeka enpresekin ditu aliantzak Eroskik. Hiruren artean 94.000 milioi euro fakturatzen dituzte. Horrez gain, nazioartean erosteko Italiako kooperatiba batekin ere badu hitzarmena.
Ahuleziez galdetuta, Markaidek esan zuen merkeago erosi eta produktuen I+G bultzatu nahi dutela.
Enplegua sortzen
Kooperatiban enplegu murrizketaren etapa "bukatzear" dagoela ere esan zuen, eta gaineratu zuen gaur egun ia astero entregatzen direla iaz saldutako establezimendu loteak, horrek dakarren lanpostu galerarekin. Hala ere, Eroski markako beste establezimenduek "enplegua sortzen" dabiltzala –%15 edo %20 gehiago, esan zuen– eta, ekitaldi bukaerarako, efektu horrek bestea gaindituko duela esan zuen Markaidek. 2010ean 44.900 langile zituen Eroskik, eta 2014 bukaeran, 36.367.
Eroski Taldeak eguaztenean, hilak 17, egingo du ohiko batzar orokorra, eta, besteak beste, 2014an izandako galeren %30 bazkideei egoztea onartuko du, seguruenik.