Kontziliazioa "ez da arazoa" guraso gehienendako, baina 10etik zazpik "denbora txikiegia" pasatzen dute familiarekin

Leire Kortabarria 2015ko eka. 13a, 08:00
Ama bat, administrazioarekin tramiteak egiten.

Gurasoen %53,4rendako, kontziliazioa "ez da arazoa", baina %68,4k uste dute denbora txikiegia pasatzen dutela familiarekin, lanarengatik. Horiek dira Hego Euskal Herriko eta Espainiako 1.800 seme-alabadun familiari egindako inkesta baten ondorio batzuk.

Caser aseguru-etxeak egin du inkesta hori, 2012a ezkero guraso izan direnen edo umea espero zutenen artean. Ondorioak doitzeko, ama blogari talde batek ere parte hartu du. I Estudio Caser sobre Salud Familiar: Madres y Padres del siglo XXI du izena ikerketa horrek.

Ama blogari horiek kontziliazioaz esan dute arazoaren pertzepzioa arazoa bera den baino txikiagoa izan daitekeela, izan ere, "hiru aldeko kontziliazioa da, aitaita-amamak edo umearen beste zaintzaile batzuk ere sartzen direlako".

Umeek amarekin pasatzen dute denbora handiena; hala esan dute inkestatuen %67,5ek. Aitaita-amamen zaintzaile papera da guraso ez beste zaintzaileen artean baloratuena: 1etik 5era, 3,75ko batez bestekoa.

Hego Euskal Herrian eta Espainian 2012a ezkero umea izan duten familien profila honako hau da: 31 eta 40 urte arteko gurasoak, ume bakarra eta bi gurasoek osatutako familia; goi mailako ikasketadun gurasoak, espainiar nazionalitatedunak eta biak beste baten konturako langileak.

Gehienek, osasun publikoa

Osasuna eta hezkuntza dira gurasoen bi ardura handienak seme-alabei dagozkienez, hurrenkera horretan. Osasun publiko zerbitzuak dira inkestatutako gurasoen %65ek erabiltzen dituztenak; osasun pribatua aukeratzen dute %12k, eta %23k biak konbinatzen dituzte.

Hezkuntza sistema zenbateraino ezagutzen duten galdetuta, 1etik 5era, batez beste 3,7ko nota ematen dio gurasoak bere buruari; ama blogariek, aldiz, "ezjakintasun handia" dagoela eta norberaren seme-alaba hezkuntza sisteman sartzen denean bakarrik ezagutzen dela sistema esaten dute.

Ume bakarreko familien %62k haurreskola erabiltzen dute, baina portzentajea jaisten doa ume kopurua handitzen doan neurrian. Hala, bi seme-alaba dituzten familien erdiek bakarrik aukeratzen dute haurreskola, eta hiru dituztenen kasuan, %39,3k.

Diru laguntza "ezezagunak"

Diru laguntzei dagokienez, galdetutako gurasoen %58k ez dituzte haiek ondo ezagutzen. Ezagutzen dituztenen artean, PFEZeko dedukzioak dira neurri ezagunena (%62k ezagutzen dituzte). %13,6k ezagutzen dituzte familia ugariei eta guraso bakarrekoei laguntzak, eta %12,6k, bekak.

Hala ere, gehien eskatzen diren laguntzak ez dira horiek, baizik eta lanaren eta familiaren arteko harmonizazio hobea ahalbidetzen dutenak eta bajak luzatzeko aukera ematen dutenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak