Gabez Takarraranek argiztatuko ditu Eskoriatzako inguruak zapatuan

Xabier Urtzelai 2015ko eka. 12a, 08:00
Nerea Amilibia, iaz, Eskoriatzako plazan helmuga gurutzatzen. | imanol soriano

Gabez Takarraran mendi lasterketak bost urte beteko ditu zapatuan (Eskoriatzako plazan, 23:00etan) eta edizio honetan antolatzaileek emakumezkoen artean dagoen "mugimendua" nabarmendu dute: "Beterano mailan oso jende ona etorriko da, Alizia Olazabal edo Nerea Amilibia moduko atletek dagoeneko eman dute izena", adierazi du Iñaki Uribe-etxebarriak. Azkar ibiliko den jendeaz batera, baina, antolatzaileek herri mailako kirolariak ere animatu gura dituzte.

"Batek baino gehiagok komentatu digute parte-hartzeko tentazioa daukatela, baina erritmo altuegia egongo delakoan beldurtuta daudela. Bada, kendu beldur horiek eta animatu, izan ere, atzealdean talde bat sortuko dugu lasterketa erritmo lasaiagoan egin ahal izateko".

23 kilometro, gabez 

Lasterketak 23 kilometro izango ditu eta 2.400 metroko desnibela. Zenbateko horiekin bistan dago korrika egitera ohituta dagoen jendeari zuzendutako lasterketa dela, eta ibilbideari dagokionez azken urteotakoari eutsiko diote: "Lehenengo joan-etorria Asentzio aldera egingo dugu, eta Eskoriatzako erdigunetik pasa ostean etorriko dira malda gogorrenak: Aitzorrotzera igo, handik Makatz gaineko tontorretik Leixargaratera. Han, ostera, beherantz, eta Lete auzotik helmugara". Eta noski, gabez: "Gabez egiteak beste izaera bat ematen dio lasterketari, eta oso berezia da korrikalariak inguruaz sortzen duen armoniak. Zentzu guztiak jarri behar dira egiten ari garen horretan, eta sentsazio oso bereziak izaten dira. Hala, izenematea martxa onean badoa ere, egunean bertan ere izena eman ahal izango da. Bosgarren edizio honetako nobedadeetako bat izango da mendia argiztatzeko antolatzaileek erabiliko duten sistema. "Orain arte tira fluoreszente batzuk erabili ditugu, baina garestiak ziren, eta ezin ziren berrerabili. Hala, zabor mordoa sortzen genuen eurekin. Eta, aldatzea erabaki dugu. Hala, eguzki izpiez kargatzen diren lanparatxo batzuk erabiliko ditugu, led moduko batzuk. Ez da inbertsio handia izan, eta berrerabilgarriak dira. Baina leku kritikoetan iazko tira batzuk ere jarriko ditugu". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak