Barne Produktu Gordin handiena duen Gipuzkoako eskualdea da Debagoiena

Leire Kortabarria 2015ko eka. 10a, 16:51
Biztanleko BPG, 2012ko datuak erabilita. (Iturria: Eustat).

Eustat erakundeak argitaratu dituen datuen arabera, Debagoieneko eskualdeak dauka biztanleko BPG handiena Gipuzkoan, eta laugarren handiena EAEn. Datuak 2012koak dira.

Araban daude biztanleko BPG balio handienak ematen dituzten hiru eskualdeak; Añanako kuadrilla dago lehen tokian, 181eko indizearekin. Arabako Errioxako eskualdeak (173) dira bigarren, eta Gorbeia Inguruak (136), hirugarrenak. Debagoienak 125eko indizea dauka. Hurrengoa Arabako Mendialdea da (117).

Eustaten arabera, eskualde horietan guztietan, Arabako Mendialdean izan ezik, industriak eragin handia du balio erantsian (%50 inguru batez beste; EAEn %24,2 da). Zerbitzuen sektoreak, aldiz, pisu txikiagoa du (%40 inguru; EAEn %68,0).

Debagoieneko lehena, Elgeta

Elgeta da Debegoieneko lehen herria, Gipuzkoako 88 udalerrien zerrendan. 18. postuan ageri da. Hauxe da Debagoieneko herrien sailkapena:

  • 18. Elgeta
  • 19. Arrasate
  • 21. Oñati
  • 25. Eskoriatza
  • 35. Antzuola
  • 40. Bergara
  • 41. Aretxabaleta
  • 83. Leintz Gatzaga

Gipuzkoako lehena, Olaberria

Bizkaiko Zamudioko udalerriak izan du biztanleko BPG handiena 2012an. Bigarren eta hirugarren postuan Olaberria (Gipuzkoa) eta Zierbena (Bizkaia) daude hurrenez hurren. Laugarren eta bosgarrenean Loiu eta Ajangiz agertzen dira, Bizkaikoak biak, eta seigarren tokian, Berantevillako udalerri arabarra.

Hiru hiriburuen artean, Donostia da 2012ko lehena, 113ko indizearekin; Gasteiz doa hurrena, 105eko indizearekin, eta ondoren Bilbo (101).

Udalerri bakoitzeko BPGren sektore-banaketari erreparatuz gero, Zamudion industria (%48,9) eta zerbitzuak (%48,5) berdin-berdin banatzen dira, biak Teknologia Parkeko enpresa-jarduerarekin loturikoak. Lehen sektoreak duen pisu txikia da biztanleko BPG handiena duten hiru udalerrien ezaugarri komuna.

Bestalde, aipatzekoa da Olaberria eta Zierbenako udalerrietan industria-sektoreak duen pisua, %74,4 eta %81,6koa hurrenez hurren. Bi udalerriotan, zerbitzuen sektoreak pisu txikia du, %24,8 eta %16,6koa hurrenez hurren. Loiuren ekonomiaren zati garrantzitsua zerbitzuen sektorean oinarritzen da (%76,0), aurreko hiruretan ez bezala.

Hiriburuei dagokienez, zerbitzuen sektoreak sortzen du Bilbo eta Donostiako BPGren %85 baino gehiago; Gasteizen kasuan, ostera, BPGren %68 baino ez du sortzen. Zentzu horretan, Gasteizko industria-sektorearen ekarpena handiagoa da (%25,1), Bilborekin (%6,9) eta Donostiarekin (%5,8) alderatuz.

Udalerrien %53k, bilakaera negatiboa

2010-2012 denboraldiko biztanleko BPGren bilakaerari dagokionez, EAEko 251 udalerrien 133k (%53) bilakaera negatiboa izan dute.  

Zerain, Gaztelu eta Alonsotegi dira 2010 eta 2012 bitartean gehien hazi diren udalerriak, %52,0, %50,5 eta %47,4ko hazkundearekin hurrenez hurren.

20.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan, Santurtzi (%9,9), Irun (%3,7) eta Errenteria (%2,9) gailentzen dira zentzu positiboan, eta Sestao (-%15,4), Galdakao (-%11,6) eta Leioa (-%9,8) nabarmentzen dira beren aldakuntza negatiboak direla eta.

Hiru hiriburuen artean, Donostiak du bilakaerarik negatiboena, biztanleko BPGren -%1,4ko aldakuntza negatiboarekin. Gasteiz da hurrena, -%0,1eko aldakuntzarekin. Bilbo, berriz, bilakaera positiboa izan duen hiriburu bakarra da (%0,3).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak