Lurraldeka, Gipuzkoak izan zuen bilakaera txarrena: salmentak %4,8 jaitsi ziren. Araban, %2,6 murriztu ziren, eta Bizkaian, aldiz, %0,4 handitu ziren.
Sei eskualdetan bildu ziren guztizko salmenten %74,4. Horien artean, hiru hiriburuak sartzen dira, eta haien bilakaera desberdina izan zen. Bizkaiko bi eskualdeetan, bai eta Donostialdean/Donostian ere, aldakuntza goranzkoa izan zen. Hala, Bilbo Handian, %1,1 igo ziren salmentak; Durangaldean, %0,7, eta Donostialdean, %0,3.
Eskualdeen artean, datu txarrena Urola Kostak izan zuen (-%12,9), eta Debagoienaz gain, Goierri nabarmentzen da (-%6,8). Arabako Lautadak %2,2 egin zuen atzera. Bestetik, aurreko urteko zifra ia berbera izan zuen Debabarrenak.
Araban, Gorbeialdeak besterik ez zuen hazkunde tasa gorakorra agertu: %10,1, hain zuzen. Beste muturrean, nabarmentzekoa da Arabako Kantaurialdeko eta Arabako Haranetako salmenten jaitsiera: %9,3 eta %4,1 gutxiago, hurrenez hurren. Arabako Lautadako salmentak lurralde historiko horretako guztizkoaren %64 izan ziren 2013an, eta eskualde horretan apur bat gutxiago jaitsi ziren salmentak, lurralde osoko zifren aldean.
Bizkaiko lurralde historikoak besterik ez zuen aldakuntza positiboa agertu bere salmentetan: %0,4. Bizkaiko hiru eskualde hauetan lortu ziren emaitza positiboak: Bilbo Handia (%1,1eko hazkundea eta lurraldeko salmenten guztizkoaren %70), Durangaldea (%0,7) eta Gernika-Bermeoko eskualdea, salmenta-hazkunde handiena izan zuena lurralde osoan: %4,2. Nabarmentzekoak dira, aurreko urtearen aldean, Arratia-Nerbioiko eta Enkarterriko tasa negatiboak: -%6,9 eta -%6,7, hurrenez hurren.
Langile gutxiago eskualde guztietan
Langileen kopuruak ere ez zuen oso bilakaera positiboa izan, eskualde guztiek izan baitzituzten tasa negatiboak. Gipuzkoan, Urola Kostako eskualdea izan zen lanpostu gehien galdu zituena (%6,7), eta Debabarrena lanpostu gutxien galdu zituena (%1,7). Debagoienak, hain zuzen, %4 langile gutxiago enplegatu zituen esandako sektorean; denetara, 14.642 langile 2013an. Hala ere, oraindik Gipuzkoako bigarren kopuru handiena da, Donostialdea eta Donostiaren atzetik.
Autonomia Erkidegoan, %3,7 jaitsi zen batez beste enplegatuen kopurua, eta jokaera homogeneo samarra izan zen lurraldeka: jaitsiera apur bat nabarmenagoa izan zen Bizkaian (-%4,9), Gipuzkoaren (-%3,3) eta Arabaren (-%2,1) aldean.
Araban, aipagarriak izan ziren Arabako Kantaurialdeko eta Gorbeialdeko enplegu-tasen jaitsierak: %5,9 eta %4,5, hurrenez hurren.
Bizkaian, enpleguaren bilakaera txarrena Enkarterriko eskualdeetan (-%10,5) eta Bilbo Handian (%6) gertatu zen. Horrez gainera, han biltzen da lurralde osoko sektoreko landunen %55.