Nahiz eta merkatuaren hobekuntza ez den izan urtarrilean espero zen bezain nabarmena, enpresak optimistak dira datozen hilabeteetarako; enpresa-konfiantza "maximoetan" dago. Salmentek gora egiten jarraitzen dute eta, nahiz eta urtarriletik martxora bitartean igoera zertxobait mantxotu egin den iazko urteko azken hiruhilekoarekin alderatuta, errekuperazioa finkatzen ari dela frogatzen du horrek, Adegiren ustez.
Eskaeren hazkundeari dagokionez, erritmoa bizkortu egin da zertxobait –enpresa esportatzaileen kasuan, batez ere–, eta ekoizpen gaitasunaren %82,5ean ari dira lantegiak, 2008tik ez bezala.
Bilakaera on hori, ordea, ez da neurri berean hedatu enpresa guztietan: oro har, 40 langiletik gorakoek dituzte daturik onenak.
Enpresen aurreikuspenaren arabera, 2015ean, 7.000 enplegu sortuko dituzte; zerbitzuen sektoreak enplegua sortzen jarraituko du eta industria enplegua sortzen hasiko da.
Kezka nagusiak
Espainiako ekonomiaren ahulezia da kezka nagusia oraindik ere; laneko kostuak eta soldata-igoerak datoz ondoren; eta enpresen fiskalitatea da hirugarren kezka. Eta gero eta kezka handiagoak sortzen ditu geopolitikak edo, globalizazioaren eraginez, nazioarteko merkatuen bilakaerak ere. Hori dela eta, 2015erako optimismoak eszeptizismoa ere berekin behar du, Adegiko ordezkarien esanetan.
Erregistratutako langabeziak behera egin du 2015eko lehenengo hiruhilekoan, beheranzko bilakaera horri eutsi egin zaio apirilean eta maiatzean eta, horri esker, azken hilabete horretan, 44.425 pertsona langabe erregistratu dira; azken hilabeteetan, langabeziaren beherakada ia sektore guztietan bizkortu da, batez ere, industrian. Kontratazioak bilakaera positiboa erakusten du eta berdin Gizarte Segurantzarekiko afiliazioak ere.