Juanjo Alvarez Bergarako UNEDeko zuzendari izandakoak jasoko du Eusko Ikaskuntza Saria

Eneko Azkarate 2015ko eka. 5a, 08:36

Juanjo Alvarez, Bergarako UNEDeko zuzendari zeneko argazki baten.

Juanjo Alvarez Bergarako UNEDeko zuzendari izandakoak jasoko du aurten Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Saria. Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzietan nabarmentzen diren euskal herritarrak saritzen ditu Eusko Ikaskuntzak urtero eta aurten zumaiarrak jasoko du aitormen saria.

Eusko Ikaskuntzaren jarduera eremuko zazpi unibertsitateetako Errektoreen ordezkariek, Eusko Ikaskuntzako Presidenteak eta Laboral Kutxako Lurralde Zuzendariak osatutako epaimahaiak nabarmendu du Juan Jose Alvarezek "Euskal Herrian zein atzerrian duen proiekzioa eta bere lanen ikuspegi kritiko eta berritzailea".

Juanjo Alvarez (Zumaia, 1964) Bergarako UNEDeko zuzendaria izan zen 1996tik 2014ra arte. Haren ostean, Iñaki Esparza EHUko zuzenbide katedradunak hartu zuen kargua eta gaur egun ere hura da UNEDeko zuzendaria.

"Pozez" eta "ezustean" hartu du sariaren berri Juanjo Alvarezek.

Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko EHUko katedraduna da 2001. urtetik, eta, besteak beste, Europako Justizia Auzitegian eta Europako Batzordeko Justiziako Zuzendaritza Orokorrean aritu izan da. Gaur egun, beste gauza batzuen artean, Europako Batasuneko Justizia Zibileko programako proiektu bat zuzentzen du. Eusko Ikaskuntzarekin ere kolaboratu izan du sarri.

Udazkenean emango diote, Donostiako Miramar jauregian egingo duten ekitaldi batean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak