Inguruko 37 enpresatan curriculuma uzteko aukera izango da Lanbain

Leire Kortabarria 2015ko eka. 5a, 08:00
Iazko Lanbai azokako elkarrizketa gunea.

Ekainaren 11n izango da III. Lanbai Enplegu eta Formazio azoka, Mondragon Unibertsitateak eta Arrasateko Udalak antolatuta. Aurreko urteetan bezala, aurten ere MUk Garaia gunean daukan eraikinean izango da, 15:00etatik 19:00etara. Helburua da lan bila dauden edo goi mailako formazioa hartu nahi duten guztiei horretarako erraztasunak ematea.

Azokak lau gune izango ditu: batetik, formazio gunea, MUren eskaintza azaltzeko. Bestetik, lan-poltsaren eta beken gunea: Lanbide, MUren lan-poltsa eta ikasle ohien elkartea, Novia Salcedo fundazioa, Arrasateko Udala eta Mankomunitatea bertan ordezkatuta egongo dira, enpleguaren inguruko laguntzen eta programen berri ematen. Hirugarrenik, enpresen eremua izango da, eta hor, bi gune egongo dira: gune librea bisitari guztiendako, eta hor 37 enpresa izango dira curriculumak jasotzen. Norberak nahi beste enpresatan utzi ahal izango du curriculuma. Debagoieneko eta inguruko enpresa garrantzitsuenetariko asko hor izango dira. Bestetik, elkarrizketa gunea izango da, MUko ikasleendako eta ikasle ohiendako bakarrik, eta aurrez hitzordua egin badute. Hori eskatzeko mugaeguna ekainaren 7a da.

Tailerretan lekua dago  

Azoka aurreko egunetan, hiru tailer izango dira. Leku-kopuru mugatua dago, baina, edizio hau ixteko unean, oraindik bazegoen tokia hiruretan ere. Ekainaren 9an, martitzena, goizean, lan-bilaketa eraginkorra izateko curriculumak duen garrantziaz jardungo dute. Martitzen arratsaldean, on-line erreputazioaren gaineko tailerra emango dute. Eta ekainaren 10ean, lan-merkatuan arrakasta izateko konpetentzien garrantziaz jardungo dute; horretan hiru lagunendako tokia dago. Edozeinetan izena emateko, mezua bidali behar da sazpilikueta@mondragon.edu helbidera, norberaren datuekin eta aukeratutako tailerraren izenarekin.

MUk tailerretan parte hartzera animatzen du: "Curriculuma lagatzeko asmoa duen horrendako interesgarria da horien gaineko tailerrean parte hartzea eta, gaur egun nola egiten diren eta ze baloratzen den ikasi ondoren, azokara joan eta curriculuma enpresei uztea; bestalde, enpresek gero eta gehiago begiratzen dute sarean nor den curriculuma utzi duen hori eta, beraz, on-line ospea zaintzea garrantzitsua da; eta elkarrizketak egiteko, norberaren konpetentziak indartzen ikastea ere oso interesgarria da".

Susana Azpilikueta - MUko Komunikazio arduraduna

 37 enpresa izango dira Lanbain.
Bai, eta aparteko aukera du bailarako eta inguruko jendeak arratsalde baten, toki bakar baten, era askotako 37 enpresarekin egoteko. Aprobetxatzeko moduko aukera da, kontuan hartuz bestela norberak egin behar duen ahalegina.

Iaz azokara joan zirenen jarraipenik egin duzue?
Oso zaila da hori egitea, enpresek ez dutelako unean kontratua egiten, urtean zehar baizik. Jakin badakigu kontratuak egin direla azokatik pasa den jendeak utzi dituen CVen ondorioz, baina ezin dugu esan zuzenean azokarengatik izan den edo ez.

Udal gobernua aldatu egingo da. Berriarekin batera antolatuko duzue Lanbai?
Ateak zabalik ditugu askotariko erakundeekin elkarlana egiteko, bai; gure lan egiteko modua da edozein arlotan. Lehenengo Lanbai azoka MUk bakarrik antolatu zuen; bigarren urtean, Udala hurbildu zen guregana elkarrekin antolatzeko proposatuz. Oso esker oneko gaude Udalarekin eta ikusten da oso ondo joan zitzaizkigula gauzak, bigarrena ere elkarlanean egin dugulako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak