Gerardo Markuleta: "Poesiak ez dauka presarik, poetak ez luke behar"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2015ko eka. 3a, 13:53

Bederatzi urteren ostean seigarren poema-liburua argitaratu du Gerardo Markuleta oñatiarrak. Denbora bere lekura izeneko bilduma, azken hamar urteetan idatzitako poemen hautaketa da. Erein argitaletxearen eskutik plazaratu du Markuletak liburua. 88 orri ditu. Atzo goizean aurkeztu zuen Donostiako Udal libuurutegian; eta Jabier Muguruzarekin egin zuen arratsaldean, poema eta musika errezitaldia.

Idazleak dio izenburuak garden samar azaltzen duela liburuaren asmo nagusia. "Iruditzen zait iraganak, denbora joanak, batzuetan gehiegizko pisua hartzen duela gure bizitzan, gure denbora presentean. Nik, behintzat, hala bizi izan dut: nerabezaro gatazkatsua, lehen gaztaro gorabeheratsua, traba astunegia gertatu zaizkit urte askoan. Baina ez naiz ahazteaz ari, ezta bizi izandakoa bazter batera uzteaz ere. Nire lehen ideia zen berrogeita hamar urte betetzean argitaratzea. Sinbolikoki bada ere, adin horrekin oso garbi ikusten dugu denbora gehiago utzi dugula atzean, aurretik baino. Gero hau dela eta bestea dela, atzeratu egin da argitaratzeko unea: negu honetan beteko ditut berrogeita hamabi".

Berrogeita hamar poema, lau ataletan banatuta

"Maiteminaz, herriminaz, eta berbaminaz" diharduela dio idazleak, eta "marra garbiko" poemak direla gaineratu du, muturreko lirismorik eta surrealismorik edo bestelako abangoardiarik gabekoak.

Berrogeita hamar poema dira, Markuletaren liburu guztietan moduan, itxura eta luzera ezberdinekoak. Lau ataletan banatu ditu: "Lehenengoan, Oñatin eman nituen haurtzaroko eta nerabezaroko eszenak daude; iraganaren zamaz jardun dut, bigarrenean; hirugarrenean, nire labur zaletasunari eman diot lekua eta laugarrenean, berriz, amodio-poema kontzeptuarekin antz gehien izan dezaketen testuak batu ditut".

Hemen, liburuaren zati bat, Neskak mojetara poema.

Neskak mojetara

Herriko neska gehienak
mojetan eskolatzen zituzten.
Batzuk beneditarretan
–uniformea gris eta gorri–,
asko karitatearen
alabekin –eskola jantzia
gris eta urdin–.

Mutilok,
gertuago izan genituen
eskola nazionaleko
neskatxa ikaskide bakanak:
auzo apartatuetan
bizi zirenak, edo herrira
heldu berriak.

Zelatan
jarri ohi ginen ikastetxeko
atearen inguruan:
jertse gorriz, eta pedofilo
batek diseinaturiko
gona motz haiekin, neskatilek
deus ez zekiten aldean
zeramaten edertasun altxor,
haragi indar bortitzaz.

Gona motz haiek, ordea,
beti gogoan, oroitaraziz
edertasuna zeinen den,
ustez, eskura; zein eskuragaitz
gehienean.

Ordutik dut
mojekin errezeloa, eta
voyeur arima ttipi bat.

Lehen irakurlea, norbera

Poesiarik irakurtzen ez dutenentzako ere liburu egokia dela dio, "poesiakeria gutxi dakarrelako" baina lehen irakurlea norbera dela aitortzen du, gusturen irakurtzen dituen poemen tankerakoak idazteko nahiari erantzun guran. Idazterakoan, adiskideen zirkulua ere buruan izan duela dio, batzuk poetak eta beste batzuk poesia zaleak. "Zirkulu hori nahi adina zabaldu daiteke. Seguru nago kantautoreren bat animatzen bada poemaren batekin kanturen bat egiteko, jende askok buruz ere ikasiko duela, poema denik ere ohartu gabe".

Hainbat dira Markuletaren poemekin kantuan egin dutenak: Jabier Mugurutza, Anje Duhalde, Mikel Urdangarin eta Josetxo Goia-Aribe, horien artean. Mugurutzak eta Duhaldek honakoa adierazi dute Gerardo Markuletaren hitzak zergatik musikatzen dituzten galdetuta:

  • Jabier Mugurutza: Aspaldiko elkarlana da bion artekoa. Haren hitz asko musikatu izan ditut, disko guztietan dut haren kanturen bat. Azkeneko bildumatik ere aukeratua dut bat. Horrez gainera, poesia musikatu errezitaldiak ere egin izan ditugu; martitzeneko aurkezpenean, azkena. Gauzak ikusteko eta adierazteko modu antzerakoa dugu Gerardo eta biok.
  • Anje Duhalde: "Orain urte asko ezagutu genuen elkar. Bi kantu egin ditut haren hitzekin: Heldu artean eta Ezin koplak. Irrikan nago bilduma berria hartzeko ea hortik ere zerbait ateratzen dudan. Gauza oso sentikorrak eta zuzenak egiten ditu; poesia modernoa da, baina jatorri herrikoiarekin. Metafora asko erabiltzen ditu eta hori oso gustuko dut".

Onenak emateko garaian dago

Denborarekin, testuak tolesteko molde baten jabe eginda, heldutasuna lortu duela dio idazleak, eta narratibarako pausua emateko tentatzen dutela ere bai: "Baina irakurle eta idazle moduan laburren zalea naiz. Izatekotan, ipuin laburrak, mikro ipuinak edo eleberri motzen bat idatziko nuke". 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak