Urteko hirugarren hiruhilekoan izango duten fakturazioaz galdetuta, erdiek esan dute egoerak bere horretan jarraituko duela, eta %41,5ek, hobera egingo duela. Bakarrik %8,1ek esan dute fakturazio txarragoa espero dutela.
Jarduerak bere horretan jarraituko duela uste dute enpresaburuen %52,6k, eta hobera egingo duela uste dute %33,3k. Txarrera egingo duela uste dute %14,1ek.
Gehiago saldu, ez garestiago
Fakturazio eta jarduera hobeak espero dituztenek "badirudi" gehiago, eta ez garestiago saltzea espero dutelako dituztela aurreikuspen on horiek. Izan ere, inkestatuen %47,4k oraingo salmenta-bolumenari eustea espero du, eta %43,3k, hobetzea.
Prezioei dagokienez, egonkor jarraituko dutela uste dute gehienek, izan ere, galdetutakoen %78,4k uste dute prezioek bere horretan segituko dutela 3. hiruhilekoan. Gainerako enpresetatik, %10,8k uste dute prezioak handiagoak izango direla, eta % 10,8k, prezioak jaitsi egingo direla.
Eragiketen errentagarritasun-espektatibei dagokienez, % 61,7k uste dute errentagarritasunean ez dela aldaketarik izango; %26,0k errentagarritasuna handiagoa izango dela; eta %12,3k, txikiagoa izango dela.
Inbertsio-bolumenari dagokionez, enpresen %64,3k uste du eutsi egingo diotela 2015eko 3. hiruhilekoan. % 20,8k, berriz, inbertsio-bolumenak gora egitea espero dute. Beraz, inkestatuen % 14,9ren ustez, inbertsio-bolumena jaitsi egingo da.
Enpleguari eutsiko zaio
Azkenik, enpresen %74,7k uste dute enpleguari eutsi egingo zaiola; % 19,0k, plantilla handitu egingo dela; eta % 6,3k, plantilla murriztu egingo dela.
Adierazleak ponderatuta, Enpresen Konfiantza Indizea lortzen da: 60 da oraingoan. Ondorioz, aurreko hiruhilekoko datua, 58,4koa, handitu egin da. Datu horretatik honako interpretazio hau egiten du Laboral Kutxak: 2015eko hirugarren hiruhilekoko ekonomiaren bilakaerari buruz ikuspegi baikorragoa dutela enpresek. "Gainera, indizearen balioa 50etik gorakoa izateak hedapena adierazten du, eta hori koherentea da beste esparru geografiko batzuetarako (Espainia eta Eurogunea) lortutako balioekin (59,1 eta 53,4, hurrenez hurren)", azaltzen du entitateak.