Euskal enpresak gero eta baikorragoak dira, Laboral Kutxaren inkesta baten arabera

Leire Kortabarria 2015ko mar. 11a, 00:00

Laboral Kutxak  Industria Konfiantzari buruzko inkesta egin die Euskal Autonomia Erkidegoko enpresei, 2015eko bigarren hiruhilekorako dituzten espektatiben berri izateko, adibidez, honako hau: enpresen %45,8k uste dute ingurune ekonomikoak hobera egingo duela; %49k, aldiz, uste dute berdin jarraituko duela.

Laboral Kutxak nabarmentzen du ondorioak aurreko hiruhilekoan baino "dezente hobeak" izan direla.

Fakturazioa

Enpresek fakturazioari buruz dituzten aurreikuspenak onak dira, 2015eko bigarren hiruhilekoari dagokionez. %53,6ren iritziz, egoerak bere horretan segituko du, eta %38,1en ustez, onera egingo du. Beraz, fakturazio txarragoa espero duten enpresen kopurua %8,3koa baino ez da.

Aurreko adierazlearekin bat, 2015eko bigarren hiruhilekoan jarduerak bere horretan segituko duela uste dutenen kopurua %54,8 da, eta egoerak hobera egingo duela uste dutenena, % 33,3. Inkestatuen % 11,9ren ustez, berriz, jarduerak txarrera egingo du.

Inkestatuen % 47,2k fakturazio-bolumenari eustea espero dute, eta % 42,1ek, hobetzea. %10,7k, berriz, txarrera egingo duela uste dute.

Prezioak

Prezioei dagokienez, egonkor jarraituko dutela uste dute gehienek, izan ere %75ek uste dute prezioek bere horretan segituko dutela 2. seihilekoan. Gainerako enpresetatik  %7,9k uste dute prezioak handiagoak izango direla, eta %17,1ek, prezioak jaitsi egingo direla.

Errentagarritasuna

Eragiketen errantagarritasun-espektatibei dagokienez, 65,9k uste dute errentagarritasunean ez dela aldaketarik izango; %14,7k, errentagarritasuna handiagoa izango dela; eta %19,4k, txikiagoa izango dela.

Inbertsioa

Inbertsio-bolumenari dagokionez, enpresen % 67,1ek uste dute eutsi egingo diotela 2015eko 2. hiruhilekoan. % 22,2k, berriz, inbertsio-bolumenak gora egitea espero dute. Beraz, inkestatuen % 10,7ren ustez, inbertsio-bolumena jaitsi egingo da.

Enplegua

Azkenik, enpresen %73,4k uste dute enpleguari eutsi egingo zaiola; %20,6k, plantilla handitu egingo dela; eta % 6,0k, plantilla txikitu egingo dela.

Industriaren Konfiantza Indizea

Aurreko adierazleak -ingurunearen gainekoa izan ezik- batu eta ponderatuz gero, Industriaren Konfiantza Indizea lortzen da, eta 58,4 da hori; aurreko hiruhilekoan, 53,4 izan zen. Laboral Kutxaren irakurketa hau da: "Enpresak baikorragoak dira 2015eko bigarren hiruhilekoan baino. Gainera, balio hori 50 baino handiagoa izateak goraldian egotea esan nahi du, eta hori bat dator intereseko beste gune batzuetan lortutako balioekin: Espainian, 56,9, eta Eurogunean, 53,5.

Azterketa berean, aurreko adierazleekin zerikusirik ez duten emaitzak batu ditu Laboral Kutxak.

Esportazioa

Azken urteko esportazioen bilakaerari dagokionez, inkestatuen % 71,6k uste dute bere horretan jarraitu dutela, eta % 17,3k, hobera egin dutela. %11,1ek bakarrik uste dute txarrera egin dutela.

Berrikuntza

Azken urtean berrikuntzari edo I+Geko ekimenei bideraturiko salmenten portzentajeari dagokionez, inkestatuen %69,9 balio minimoetan kokatzen dira: %0 eta %0,5 artean, eta %12,8k %5 bideratzen dute arlo horietara.

Berankortasuna

Bezeroei kobratzeko epeari dagokienez, azken urtean ez da aldaketarik izan %70,5en ustez. Enpresen %23,0k, berriz, epea handitu egin dela uste dute, eta % 6,6k, txikitu egin dela.

Finantzaketa

Amaitzeko, inkestatuen %51ren iritziz, banku-finantzaketa eskuratzeko erraztasuna ez da aldatu azken urtean. Gainerako enpresak honela daude banatuta: %33,9ren iritziz, erraztasun handiagoa dago, eta % 15,1ek kontrakoa uste dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak