Guztia gertu hauteskunde egunerako

Amaia Txintxurreta 2015ko mai. 24a, 06:00

Herritarrak bozkatzen Aretxabaletan, iaz.

50.666 lagunek dute botorako eskubidea Debagoienean. Udal hauteskundeei dagokienez, alderdi gehien Arrasaten aurkeztu dira, eta hautetsi gehien ere bertan aukeratuko dituzte. GOIENAko komunikabideek jarraipen zehatza egingo diote egunari.

Ezusteko handirik ezean, herri baten dagoeneko badakite zein izango den alkatea: Leintz Gatzagan, Eneka Zankada. Izan ere, Leintz Gatzagaren kasua berezia da, herriko Hautesle Elkartearena baita Udal hauteskundeetan aukeran dagoen zerrenda bakarra; ondorioz, dagoeneko ezagun da ze bost lagunek osatuko duten udalbatza.

Gainontzeko alderdiei dagokienez, EH Bildu eta Alderdi Sozialista gainerako herri guztietan aurkezten dira, eta EAJ denetan Elgetan izan ezik.

Elgetan hiru aukera daude: koalizio abertzaleaz eta sozialistez gain, Gu Geu Elgeta izenekoa.

Eskoriatzan, ohi legez, Elizateen hautagaitza egongo da aukeran, eta baita Irabazi ere. Irabazi ekimena Aretxabaletan, Bergaran eta Arrasaten ere aurkezten da.

Bestalde, alderdi berrien artean, Ahal Dugu-Arrasate-Podemos zirkulutik sortutako Baleike ere aurkezten da Arrasaten, eta hemen da, aldi berean, Alderdi Popularrak zerrenda aurkeztu duen Debagoieneko lau herrietako bat, Aramaio, Bergara eta Oñatirekin batera. Arrasaten, beraz, aukera gehien udal hauteskundeetan, sei.

Arrasaten, bitxikeria bat ere bada: alkategaien batez besteko adina, gaztea benetan: 34,8 urte. Eta gauza jakina, udalbatzan hautetsi kopuru handiena izango duen herria izango dela: 21. Bergaran eta Oñatin 17 izango dira, 13 Aretxabaletan, 11 Eskoriatzan eta Antzuolan, eta 9 Elgetan eta Aramaion. Udal hauteskundeetako emaitzekin, ekainaren 13an osatuko dituzte udalbatza berriak.

Mankomunitatea ere jokoan

Eta udalbatza berriak bakarrik ez, mankomunitateko Gobernu Juntaren osaketa ere emaitzon araberakoa izango da. Udalerri bakoitzeko alderdi irabazlekoak izaten dira Juntako ordezkariak. Aurreko lau urteotan, adibidez, Bildukoak izan dira guztiak, Elgetako eta Leintz Gatzagako alkate Oxel Erostarbe eta Eugenio Otsoa izan ezik. Erakunde garrantzitsua da Mankomunitatea: eskumenei dagokienez, hiru dira lan-ildo nagusiak, Garapen Agentzia, Turismoa eta Ingurumena. 2015erako, adibidez, 12 milioi euroko aurrekontua du.

Gipuzkoako Batzar Nagusietakoak ere bai

Udaletako ordezkariekin batera Gipuzkoako Batzar Nagusietakoak aukeratuko dira gaur. Debagoienari Deba-Urola eskualdeko ordezkaritza aukeratzea dagokio.
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak