Bergarako Aroztegi aretoan inauguratuko duzu gaur, egubakoitza, 19:00etan, azkeneko bilduma. Berezia dela diozu.
Azkenaldian talde erakusketak egin izan ditut-eta. Pozik nago, aukera ona delako nire obra osotasunean erakusteko. Bakarkako erakusketetan beste dimentsio bat hartzen dute obrek.
Zenbat eta zelako lanak dira?
Hamazortzi margolan aukeratu ditut, askotariko tamainatakoak: handiena, metro eta erdikoa da. Teknika ezberdinekin egindakoak dira, olioak, akrilikoak... Euskarriak ere askotarikoak erabili ditut: oihala eta egurra, esateko. Gehienak orain egindakoak dira.
Eta zer ikusiko dugu horietan?
Bereziki, kolore asko eta biziak. Nire lan guztiak oso koloretsuak izan dira beti. Estiloari dagokionez, ez zait gustatzen estilo bakarrean lerrokatzea, baina uste dut espresionismoarekin lotura dutela nire margoek.
Ordenagailuarekin egindako lanak ere erakutsiko dituzu.
Iñigo Arregi eskultorearekin Goseren Gosariak egitasmoan parte hartu nuen, eta ordurako egin nituen lan batzuk ere erakutsiko ditut Aroztegin.
Zein da lana egiteko duzun modua?
Margotzerakoan ez dut aurre-ideia finkorik izaten, gehienetan. Espazioa betetzen hasten naiz kolore edo trazu batekin, eta horiek baldintzatzen dute ondoren jarraituko dudan bidea.
Saltzeko asmorik?
Helburu nagusia ez da hori, baina zergatik ez?
Margotzea ez duzu ogibide, baina margotik bizitzea duzu amets?
Utopia bat litzateke hori, artista asko gaudelako. Gustatuko litzaidake, duda barik, baina ezin denez, daukagunarekin konformatu behar!